GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ez zuela «terrorismoa goratu» esan du Hernaniko alkateak

J.A. | DONOSTIA

«Aurrez prestatutako mezua zen, idatzita zuen eta ez zuen begirada paperetik altxa». Horrela laburbildu zuen fiskalak duela bi urte Iruñean egindako ekitaldi batean Marian Beitialarrangoitiak egun gutxi lehenago atxilotutako Igor Portu eta Mattin Sarasola gogoan izan zitueneko unea. Hain justu ere, atzo egin zen Auzitegi Gorenean Auzitegi Nazional espainolak Hernaniko alkateari ezarritako zigorra berrikusteko bista, defentsak hala eskatuta. Bertan, fiskaltzak Auzitegi Nazionalak iazko ekainean ezarritako urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa berresteko eskatu zuen.

Iñigo Iruin defentsa abokatuak Beitialarrangoitiaren absoluzioa eskatu zuen, edo bestela, egindakoaren «tamainako» zigorra ezar diezaiotela. Izan ere, defentsaren arabera, alkatearen asmoa «bi atxilotuei elkartasuna adieraztea zen -torturak salatu zituztelako-, eta ez ETAren aldeko aldarria egitea».

«Maite zaituztegu»

Bistan azaldu zutenaren arabera, ekitaldian Beitialarrangoitiak Portu eta Sarasolari «animoak», «besarkada bat» eta «maite zaituztegu» mezuak bidali aurretik, hitza izan zuten beste parte hartzaile batzuk bi atxilotuek jasandako torturen gainean aritu ziren.

Gaia hainbat hedabidetan atera zen aurreko egunetan, horregatik, Iruinen esanetan, «gaurkotasunezko albiste baten gaineko iritzi subjektiboa» izan zen hura, eta ez «terrorismoa goratzea». Gorenak bere erabakia hartu arte Beitialarrangoitiak ez du bere kargua utzi beharko.

Ezker abertzaleak «behin eta berriz» euren jarduera instituzionala «jomugan» jartzen ari direla salatu zuen. Honela, Hernaniko alkatearen aurkako «erasoa» ez dela «ekimen bakana» esan zuten, «baizik eta kate errepresibo luze honetan beste katebegi bat da». Hala ere, «baldintza zailetan gabiltzan arren, eztabaida politikoa zentratu dugu», adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo