Zor ekologikoaren inguruko gatazkak, IV. Ekozinemaldian
Ekologistak Martxan-ek zor ekologikoari buruzko laugarren zinema jaialdia antolatu du. Gaur hasi eta datorren ostegunera bitartean Bilbon, Basaurin eta Iruñean, munduan zehar bizirik dirauten hainbat borrokatako ekintzaileen filmak ikusteko aukera izango da.
Ane ARRUTI | BILBO
Data aldatuta iritsiko da aurtengo Ekozinemaldia, maiatzetik otsailera aurreratu baitute. Aurtengoan ere, mundu osoko zor ekologikoaren inguruko gatazkak jasotzen dituzten filmak izango dira ikusgai Bilbo, Basauri eta Iruñean. «Gure Boliviarekiko zor ekologikoa» filmak zabalduko du jaialdia gaur. Bilboko Ekoetxean, 19.30ean hasita eta doan, lehenengo aldiz proiektatuko da filma. Zor ekologikoaren batzordeak filmatuta, Bolivian Repsol enpresaren jardunak eragindako ondorioen berri ematen du kaltetuen ahotik. Gero, beste bi pelikula izango dira ikusgai: Unescok Ekuadorren filmatutako «Yasuni» eta, Muskizen Cokeren aurkako koordinadorak sortutako «Coke ez».
Jaialdiak astelehenean jarraituko du. Basaurin «Semillas para seguir viviendo» aurkeztuko du Baltazar Guaca Kaukako (Kolonbia) ekintzaileak. «Gure nekazari eta indigenei hazi eta landare autoktonoak ebasten dihardute eta, transgenikoak erabiliz patentatu dituzte AEBetako enpresek», azaldu zuen egileak. Horren ondotik, Argentinako «Reverdecer» filmaren txanda izango da. Nekazaritza-negozio ereduari buruzko hausnarketa egiten du, nekazaririk gabeko soroak bultzatu eta txiroentzako hiriak proposatuz.
Brasil, Senegal, Estatu frantseseko eta espainiarreko gatazkek ere izango dute tartea. «Africa ¿estás ahí?» dokumentalak, esaterako, Europako multinazionalen jarduerek Afrikako hainbat eskualdetan dituzten ondorioak eta gure kontsumoaren gaineko gogoetak aurkezten ditu.
Bilboko gainerako emanaldiak Capitol zinemetan izango dira 4 eurotan. Basaurin, Social antzokian, 3,70 eurotan. Eta Iruñean, Nabarreriako Zabaldiren egoitzan, doako sarrerarekin. Ordutegi guztiak www.ekologistakmartxan.org atarian aurki daitezke.