GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Musika bildumak

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Edukitzailearen mirespena, karkasaren benerazioa. Musika egitea artea da, baina agian arte guztiek ez dute balio berbera sortzen jendearengan.

Musika egileak batzuetan badu zerikusirik balio horren neurriarekin. Kantu baten, disko baten edo musika sorkuntza baten balioa hainbat modutan neur daiteke. Neurketa bera, agian, ez da oso komenigarria egitea. Dena ongi egon daiteke, edo ez. Lan baten balioa sortzen dituen trukaketa intelektualen batuketa baino ez da. Batuketa politikoak, metafisikoak, estetikoak, filosofikoak. Abstrakzioak dekoratua baino ez du edertzen eta nabarmentzen, hots, forma hutsa edo forma purua. Gehienetan ez dago mezu politiko askatzailerik.

Kantuak izateko, lehenbizi «portaera komunikatzailea» (Habermas) izan behar du. Formalismo kontzeptual eta egiturazkoak, maiz, ikusle eta entzule mordoa uxatu egin izan du. Erlijioak zerikusi handia du parafernalia kontzeptual honekin. Erlijioak aipatzen digu transzendentziaren boterearekin badirela gauza batzuk transmititu ezin direnak, adierazkaitzak edo kontaezinak direnak, erlijioa bera da adibiderik sendoena. Kultua bilatzen da eta galdera guztiak soberan daude. Kritikarako biderik ez da.

Musikarekin antzekoa gertatzen da. Bada industria handi bat antolatzen ari dena forma hutsaren kultua, zeinak ezereztasuna ospatzen duen, edukiaren hutsa. Botereak kode eta hizkuntza hori era ezin hobean kudeatzen du. Musika industriaren eraldaketa dator eta sektorean dauden enpresek garbi izan behar dute talentuak zaindu eta bultzatu egin behar direla. Talentu berrien bila ibili eta disko berriak argitaratu. Munduan diskoetxe indartsuenek egiten dutenaren ispiluan begiratzeak arazoak ekar ditzake.

Musikaren euskarri nagusia, CDa, goitik behera dator eta azken zukuraino fondo edo funts katalogoan oinarritzea diru iturria, latza da, laster batean agortuko baita. Kantu bera hogei aldiz saldu nahi denean zerbaiten adierazgarri da. Modu horretan ez da kultura bat eraikitzen. Kontsumo azkarreko produktuak atera nahi dira karkasa edo edukitzailearen deigarritasunean jarri piztutako kandela bat, berriro erlijioarekin egin dugu topo. Eskaintzaren plazer dinamika horretan musika bera da galtzaile.

Gero eta musika cofre gehiago saltzen dira, helburua salmenta arina eta azkarra. Beste helburu bat, musika opari bezala hartzea. Erosleak ez du musika hori entzungo, baina arazo edo lan nekeza kenduko dio opari egileari: opari bila denbora galtzea. Kutxa eroslea bitartekaria da eta cofre horrek jabearen eskuetan dagoenean balio handi bat galtzen du. Itxura eta forma ez da helburua. Formak existitu nahi badu, zerbait adierazteko da. Formak funtsik gabe ez du formarik, formalismo hutsa da. Edukiak transmititu behar du musika librea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo