GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Gipuzkoako kostaldeak musika tsunamia biziko du asteburuan

Gipuzkoako kostaldean musika tsunamia izango da asteburu honetan Zarauzko eta Zumaiako gaztetxeetan ospatuko diren hiru jaialdietako musika eztandarekin. Hardcore, punk Oi!, edota crust doinuak lantzen dituzten 24 taldek hartuko dute oholtza gaur eta bihar.

p046_f01_152x124.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIAA

Gure herri eta auzoetako entsegu lokal ilunetan diharduten 24 taldek musika eztanda eragingo dute Zarautzen eta Zumaian asteburu honetan. Abiada biziko erritmoak nagusituko dira bertako eszenaren lagin txikia irudikatuko duten hiru jaialdi esanguratsuetan.

Hollidays in Bardulia ekimena duela zazpi urte sortu zen Gipuzkoako punk Oi! musika taldeak zuzeneko kontzertu batean biltzeko asmoz. Musika era horrek Gipuzkoan izandako eztandaren erakusleiho bilakatu zen jaialdia, eta geroztik, urtero errepikatu izan dute hitzordua. Aurtengoa, Zumaiako gaztetxean egingo da, eta taula gainean zazpi talde arituko dira, azken egunetan Bergarako Against The Rapist taldea zerrendatik erori eta gero. Ibilbide luzeko taldeek eta sortzaile berriek bat egingo dute larunbateko kontzertuan, mugimenduaren iragana eta oraina irudikatuz emanaldi bakarrean. Zentzu horretan, Herri Guda, Birracel, Material Rechazado, Hell Beer Boys, Orreaga 778, Doubling Boys, Aggressive Combat eta La Eskoria Abunda taldeek oholtza partekatuko dute arratsaldeko lau eta erdietan abiatuko den musika maratoian.

Alta, honakoa ez da asteburuan izango den makrojaialdi bakarra Gipuzkoako kostaldean. Zarauzko Putzuzulo amets fabrikan zarata eta abidura handiko musika nagusituko da asteburu osoan. Putzuzulo, azken urte hauetan guztietan, zuzeneko emanaldien erreferente nagusietako bat bilakatu da gurean, zenbatezinak baitira urtean zehar egiten diren kontzertuak.

Ostiralean, Zaratazarautz festibala ospatuko da bigarrenez, joan den urtean Lobato etxe okupatuan burutu zen ekimenaren segida gisa. Formatu berezia izango du honako emanaldiak: bi agertoki egokitu dituzte hitzordurako, eta taldeak etengabean tartekatu dira oholtza gainean. Horrela bada, agertoki baten gainean kanta bat amaitu bezain pronto, pareko agertokian beste kanta bat entzun ahal izango da bi musika talderen arteko talka irudikatuz. Metralleta, Diskoiraa, Ulu, Erantzun, Humilitate, Inor Ez, Burux Lee, MKT, Dirtaa eta Ezereza taldeek Zarautzen egiten den musika zaratatsua erakutsiko dute oholtzan.

Bidaia furgoneta konpontzeko

Larunbatean ere, zarata nagusituko da Putzuzulon «Save the Van» lelopean ospatuko den jaialdian. Zarauzko hainbat musika taldek erabiltzen duten furgonetaren konponketa ordaintzeko elkartasun kontzertua ospatuko da gaueko hamarretatik aurrera. Bertan, hardcore musika ardatz duten taldeak arituko dira taula gainean: Fly Shit, Diktadura, Los Breves, Los Santos, Tr1c3 eta Adrenalized taldeak anplifikadoreak topera jarriko dituzte, belarrietako tapoiak beharrezkoak izango diren emanaldi zaratatsuan.

Aukera ederra, musika talde gazteak ezagutzeko, eta hain ezaguna ez den musika eszena bati sostengua adierazteko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo