«Modernitatearen auziaz» lana eta Foucaulten eta Bensaiden testuak argitaratu ditu Jakin-ek
O.L. |
Jakin Irakurgaiak argitaletxearen eskutik argitaratu dute Jon Jimenez eta Andoni Olariaga Filosofian lizentziadunek «Modernitatearen auziaz» izeneko liburua. Atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako aurkezpenean, azalpen sakonetan hasi aurretik, modernitatea gaitzat hautatzearen zergatia argitu nahi izan zuten: «Badirudi aro hori gaindituta dagoela eta, hortaz, postmodernian gaudela, baina geuk, ordea, egoera oso bestela ikusten dugu». Hori dela eta, lanean hasi zirenean modernitatearen berrirakurketa egitea ezinbestekotzat jo zuten gaur egun ditugun arazo etiko, filosofiko eta politikoak hobeto ulertzeko.
Idazleek aipatu zutenez, «askotan pentsatzen da lehen fedea zegoela eta gero arrazoimena iritsi zela, baina -zehaztu zuten- geure tesia da lehen fedea bazegoela, jainkoarenganakoa, eta orain ere fedea badagoela, arrazoian jarritakoa». Zentzu horretan, Jimenezek gaineratu zuen, hain zuzen, «horri guztiari» egiten diotela kritika liburuan.
Aurreko garaia eta gaur egun bizi duguna hain ezberdinak ez direla gaineratu zuten. Beraien aburuz, «moderniak ekarri zuen berpizkundearen amaiera eta horren ondorioz krisi egoera sortu zen. Gaur egun antzeko egoera batean gaude; ez dugu ezer argi, ez dago oinarri finkorik... eta horrek postmodernian bizi garela sinestera garamatza». Adibide gisa, Estatuaren papera aipatu zuten: «Estatu arrazional absolutu bat daukagu kontzientziaraino sartzen dena. Horrek adierazten du ez dugula modernia gainditu eta agian atzera egin dugula».
Foucault eta Bensaïd
Lan horrez gain, Joseba Barriolak idatzitako «Historiaz mintzo. Foucault eta Bensaïd» liburua aurkeztu zuten bilduma berean. Argitalpen honetan Michel Foucault eta Daniel Bensaid pentsalari frantziarren testuak aurki daitezke lehen aldiz euskaratuak. Liburuaren hitzaurrea Xabier Apaolazak egin du eta honek azaldu zuenez, «Foucaultek hausnarketa bat egin zuen bere pentsamendu propioan eta berreskuratu egin zuen baztertuta zeukan Kant. Bensaid, berriz, «aitzindari intelektual eta militante» gisa deskribatu zuen, inoiz protagonismoa bilatu ez zuena.
Barriolak laguna zuen Bensaiden testuak itzultzea «zaila» izan zela aitortu arren, «oso gustura» egin zuela gaineratu zuen: «Bensaid pertsona hurbila zen, erraz maite daitekeen horietakoa; bere idazteko modua, korapilatsua baino aberatsa». «Daniel Bensaidentzat politika egoera zehatz batean bide eta aukera berriei ateak irekitzeko ahalegina egitea zen eta hori bere pentsaeraren muinean zegoen. Politika egitea beretzat -zehaztu zuen- uneak eskaintzen dituen aukera iraultzaileak atzematea eta horri eustea zen. Berak horrela deskribatzen zuen 1968ko maiatzeko mugimendua. Erronka sortu zen boterea auzitan jartzean».