Patxi Azpirotz I Atez Ate Dudipe! bilguneko kidea
Gutun irekia Luis Mari Ormaetxeari
Norbaitek datu batzuk gezurtzat jo eta beste batzuk inongo frogarik gabe ematen baditu, gezurretan bera dabilela pentsa daiteke
Luis Mari, atez ateko bilketaren alde nagoen herritar bat nauzu eta zuk zeuk eskatzen diguzun gogoeta egitera nator; hori bai, beti, Gipuzkoako Batzar Nagusian duzun postua kontuan hartuta.
Zeuk, esaten duzunez, bost edukiontzien sistemaren aldeko apustua egiten duzu, besteak beste, legedia errespetatu, borondatezko sistema izan, erosotasuna eduki eta sistema garbi eta estetikoa delako.
Egin dezagun gogoeta:
Legediari buruz:
Atez ateko sistemak, ez al du errespetatzen legedia? Eta errespetatzen badu, zergatik horrenbeste traba Diputazioaren aldetik? Beldurra ote dio Diputazioak atez atekoari? Zergatik? Gero eta gehiago birziklatzea ez al da Diputazioaren helburua ere? Zer da guztia kontrolatzeko gogo hori? Nondik ateratzen dira prentsan agertzen diren datu manipulatu horiek? Ez al zaizu iruditzen azpijoko tamalgarria?
Borondatezko sistema:
Hainbat gauza izan daitezke borondatezkoak, baina beste hainbat ez; ez dira, ezin dira borondatezkoak izan.
Zeuk, duzun postua izanda, borondatezkotasunaren alde eginda, Diputazioaren zergak, borondatezkoak ipini nahi al dituzu? Autoan zoazenean, borondatezkoa al da eskuinetik edo ezkerretik joatea? Edo semaforoa gorrian igarotzea?
Zigarroa erretzea, edo ez, borondatezkoa izango da. Baina zigarro hori ospitale batean erretzea ezinezkoa da, borondatetik at dago. Hala eta guztiz ere, erretzeko borondatea dutenei zer aholkatuko diete medikuek? Erretzen jarraitzeko? Edo uzteko?
Borondatezkotasunean bi aukera daude. Borondatea izan, edo ez izan. Borondate ona izan edo borondate txarra izan. Gauza baten aurrean borondate txarrekoak borondate onekoari kalte egiten badio, gauza hori ezingo da borondatezkoa izan. Goazen harira.
Urte batzuk badaramatzat birziklatu nahian. Horretarako lau edukiontzi nituen, eta ahalegina egiten nuen zaborra bereizten. Ohartzen nintzen, baita ere, hainbat jendek ez zuela bereizketarik egiten. Eta emaitzak hor daude, lau edukiontzirekin % 28 birziklatzera iristen ginen. Batzuen borondate ona besteen borondate eskasarekin estaltzen zen.
Atez atekoak organikoa bereizteko aukera ekarri digu. Eta lehengo ildoan, bereiziz, nire etxean lortu ditudan emaitzak ikusgarriak dira. Udalak emandako datuak aparte (% 82 birziklatu), nire etxean ateratzen dudan errefusa nire zaborraren %1-2 izango da (%99-98 birziklatzeko), eta benetan harro nago. Badakit, ez lehen bezala, nire zaborra kalitatezkoa izanda, kalitatezkoa izaten jarraitzen duela, borondate txarreko inork nire zaborra ez duelako «kutsatzen». Eta hor daude birziklatze enpresak, Usurbilgo zabor kalitatea goraipatzen dutenak.
Eta harro jarraitu nahi dut, ez dut nahi besteen borondatearen arabera, nire zaborra, gure zaborra, kalitate txarrekoa bihurtzea. Ikusi besterik ez dago bereizi gabeko poltsen garraioa, batzuen borondateaz ohartzeko. Edukiontzirik ez, mesedez!
Dena dela, zeuk, duzun postua izanik, medikuaren lana beteko al duzu?
Erosotasuna eduki:
Erosotasuna, bakoitzak, bere borondatearen arabera, ezer bereizi gabe, edukiontzian nahi duena sartzeko? Tira! Horixe behar genuen! Eta ez dut esan nahi borondate aldetik Usurbil, beste herriekin konparatuta, oso ezberdina denik; baina bost edukiontzi dituzten herrietan birziklapenean lortzen dituzten emaitzak ikusita, atez atekoaren emaitzetatik oso urruti gelditzen dira(%35 inguruan birziklatuta).
Sistema garbi eta estetikoa:
Atez atekoa ez zaizu garbia iruditzen ala? Batzuek arratoiak ikusten omen dituzte poltsa tartean. Eta katuak. Dena den, katuak kaleetan bueltaka ibiltzea edukiontzirik ez egotearen ondorio dela iruditzen zait. Izan ere, lehen edukiontzien barna ibiltzen baitziren bazkan.
Eta usainik? Nire ustez, edukiontziekin baino gutxiago. Eta are gutxiago egongo litzateke bereizi gabeko poltsen garraioa kontrolatuko balitz.
Estetikoa? Dirudienez ez, lurpean sartu nahi dituzue.
Nire gogoeta bukatzeko:
-Ez zait iruditzen onargarria pertsona batek sistema baten kontra boikota bultzatu eta gero pertsona horrek sistema horren bideragarritasuna zalantzan jartzea.
-Norbaitek datu batzuk gezurtzat jo eta beste batzuk inongo frogarik gabe ematen baditu, gezurretan bera dabilela pentsa daiteke.
-Luis Mari, adierazpen askatasunari buruz ari zarenean, zertaz ari zara, zeu alkate egon zineneko garaiak gogoratzen?
Nire gogoeta hauek zuretzat ere baliagarriak izango direlakoan agurtzen zaitut.
Oharra: gutun osoa irakurtzeko www.dudipe.info-ra joan.