Gipuzkoako ekologistek atez atekoaren alde egiteko eskatu diete usurbildarrei
Gipuzkoako Eguzki, Ekologistak Martxan, Berdeak eta Haritzalde talde ekologistek Usurbilgo atez ateko bilketaren defentsa egin, eta datorren asteburuan usurbildarrei metodo honen aldeko hautua egiteko eskatu zien atzo. Erraustegia ez dela behar frogatu dela ziurtatu zuten.
Janire ARRONDO |
«Aukera bakarra dago: atez atekoari bai, errausketari ez». Gipuzkoako hainbat talde ekologistak euren babesa erakutsi zioten atzo hainbat herritan hondakinak atez ate sailka jasotzeko egiten ari diren ekimenari. Eguzki, Ekologistak Martxan, Berdeak eta Haritzalde erakundeen iritziz, «zero hondakin» politikaren bidean «zuzen» doa Usurbil, eta «erraustegia alferrikakoa» dela agerian uzten ari dira. Era berean, euren sostengua helarazi zieten Hernaniko eta Oiartzungo udalei, zabor bilketa eredu hau abian jartzeko asmoa azaldu dutelako.
Datorren asteburuan Usurbilen egitekoa den herri galdeketaren harira, Ekologistak Martxaneko ordezkari Kepa Olaizek usurbildarrei beraiengan «konfiantza osoa» dutela adierazi zien. Izan ere, «ingurumenarekiko eta osasunarekiko konpromiso handia erakutsi dute orain arte, bai atez ateko zabor bilketan modu eredugarrian parte hartuz, bai errauskailuaren kontra argi eta garbi agertuz».
Era berean, Olaizen arabera, galdeketa horren bidez Usurbilek «zabor kontuetan ere» bide «arduratsu», «ekologiko» eta «modernoa» hartzeko modurik badela erakusteko aukera izango du.
Horrela, atez ateko sistemak «zabor bilketa eta probetxu maila gorena» ahalbidetzen duela nabarmendu zuen Olaizek. Errauskailua «arriskutsua eta izugarri garestia» ¯400 milioi euro inguruko kostua du¯ dela ere esan zuen.
«Egungo eredua zaharkitua»
Gipuzkoako talde ekologisten iritziz, garbi dago hondakin organikoak biltzeko sistemarik «eraginkorrena» atez atekoa dela. Hain justu ere, modu honetan etxeko zabor organikoen % 42 biltzea lortu da. Beste sistema batzuekin, bosgarren edukiontziarekin, esaterako, «portzentajeak askoz txikiagoak dira», azaldu zuen Olaizek. Usurbilen, gainera, hondakin guztien %80 atalka biltzen dutela kontuan izanik, errefusa %20ren azpitik dago. «Hori da aurreneko urratsa `zero hondakin' politikaren benetako bidean».
Erraustegia, beraz, «kudeaketa iraunkorraren antitesia» dela eta herritarren osasuna arriskuan jartzen duela ziurtatu zuten Gipuzkoako ekologistek. Izan ere, «errausketak zabor organikoa eguratsera bota besterik ez du egiten», berretsi zuten ekologistek.