EITBren Baionako egoitza egonkortzea ezinbestekotzat jotzen dute ABk eta Aralarrek
Martxoaren 31n EITBren Baionako egoitzako hamar langileren kontratuak etengo dira. Horren aurrean ABk eta Aralarrek Ipar Euskal Herrian hedabide horren zerbitzua bermatu behar dela aldarrikatu dute.
Maite UBIRIA |
Abertzaleen Batasuna eta Aralar alderdiek agerraldia egin zuten atzo, Baionan, Euskal Irrati Telebistaren zerbitzua Ipar Euskal Herrian bermatu behar dela aldarrikatzeko. Heldu den martxoaren 31n EITBk Baionan duen egoitzan lan egiten duten hamar bat langileren kontratua amaituko da, eta hortik aurrera inork ez daki zein norabide hartuko duen 80ko hamarkada erdialdetik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan eskainia den zerbitzua. Aralarrek legez besteko proposamena aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean. Horrez gain, ABk, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Max Brissoni bilera eskatuko dio.
«Gaur egun EITBn dagoen arazoa lehenagotik datorrela onartuta ere», EITBko Baionako egoitzaren «larrialdi egoeraz» jabetuta, urratsak egiteko ordua dela uste dute Aralarrek eta ABk. Inork ez du aditzera eman duela bi hamarkada Baionan zabaldutako EITBren bulegoak heldu den apiriletik aitzina zein etorkizun izango duen.
Andde Saint-Mariek nabarmendu zuenez, «Iparraldeko eragileek bultzaturik eta Iparraldeko informazio beharrak bermatzeko sortutako zerbitzu publikoa arriskuan dago». Horregatik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan irrati eta telebista zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea babesteko unea dela uste du Abertzaleen Batasuneko ordezkariak.
EITBk Ipar Euskal Herrian egin duen ibilbidea ezin dela ahantzi -lan taldearen ahalegina goraipatu du- eta egoera latz honen aitzinean «isilik geratzea onartezina» dela nabarmendu zuen ABren idazkaritza nagusiko kideak. ABk, gainera, bere kezka beste hainbat eragileri zabaltzeko asmoa du.
Bestalde, erantzukizunak bilatu nahian, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariarengana joko du. Dagoeneko Max Brissonekin lan-bilera bat eskatu dutela iragarri zuen Sainte-Mariek.
Aralarrek EiTBren administrazio kontseiluan duen ordezkari Jose Inazio Basterretxea Kazetaritza katedradunaren bitartez, alderdiaren ikuspuntua azaltzen ahaleginduko dela azaldu zuen Mikel Basabe legebiltzarkideak. Preseski, Nafarroan bezala, EITBeko zuzendari Alberto Suriori Baionako egoitzan bizi den egoerari buruz azalpenak eman ditzan eskatuko du alderdiak.
EITBko zuzendaritzak aurreikusten dituen aldaketek Ipar Euskal Herriko biztanleen informazio-beharrak ez dituztela aintzat hartzen eta gainerako euskal herrialdeetako herritarrek «Iparraldeko informazioa jasotzeko duten eskubidea» arriskuan jartzen duela azaldu zuen Basabek.
«Zerbitzu publiko batek ezin ditu Ipar Euskal Herriko premia informatiboak bigarren mailako premiatzat hartu», gaineratu zuen Gasteizko Legebiltzarreko kideak.
Hartara, Aralar taldeak legez besteko proposamena aurkeztuko du Legebiltzarrak afera honi buruzko eztabaida egin dezan. Hain zuzen, honako eskakizunak luzatuko ditu alderdiak: lehenik, Baionako EiTBren egoitza egonkortzea eskatuko du Aralarrek. Bigarrenik, lanpostuen beharra zehaztu, eta horren arabera egiturazko plantilla kontratazio zuzenarekin sortzea galdegingo du. Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriari buruzko informazioa egunero emitituko dela bermatu behar da, Aralarren aburuz. Egun astelehenetik ostiralera bitartean Baionan ekoizten den emankizuna asteburuetara zabal dadin eskatuko du alderdi abertzaleak.
Azkenik, euskarazko irrati eta telebistako kateetan Ipar Euskal Herrian gertatzen diren berriei arreta handiagoa eskaintzea eta eguneko agenda informatiboan horiei tokia egitea eskatuko dute legez besteko proposamen horretan.