Greziako egoera larria nork eragin zuen jakinda ere, ondorioak greziar langileen bizkarrera
Suposizioa zen, suposizio logikoa. Greziaren egoera ekonomiko larria eragin duen faktore nagusia finantza konpainien espekulazioa izan da. Europar Batasuneko gobernuek ere herrialde hartako zor publiko erraldoia espekulazio erasoen ondorio dela onartzen zuten. Eta Greziari «elkartasuna» erakusteko, Euroguneko gobernuek herstura neurriak eskatu zizkioten Atenasko Gobernuari, egoera horren errudun izan ez eta nabarmenen jasaten dutenak areago zigortzen dituzten neurriak, alegia. Eta ez zitzaien bururatu finantza sistemaren kontrolik eza bukatzeko neurri eraginkorrik hartzea, erregulaziorik ezak munduko krisia detonatu zuela jakinda ere.
Orain ez da ustea, egitatea baizik. Greziako zerbitzu sekretuek beren herrialdeko ekonomiari eraso zioten konpainiak aurkitu dituzte: AEBetako hiru eta Britainia Handiko bat. Hala ere, gizarte eta lan eskubideen murrizketa salatzen duten greziarrei egoerari «denon artean» aurre egin behar zaiola esango diete. Arduratsu jokatu behar dutela, alegia. Finantza konpainia horiek bezain arduratsu? Haien espekulazio zitala onartzen duten nazioarteko agintariek bezain arduratsu, agian?