GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lamassourek Hondarribiko aireportua ixteko eskatu du, Biarritzekoaren alde

p013_f02_97x96.jpg

Idoia ERASO |

Akitaniako kontseilurako hauteskundeei begira, Alain Lamassoure Lapurdin izan zen atzo Hondarribiko aireportuari buruz mintzatzeko. UMPeko Europako Parlamentuko diputatuaren ustez, biztanleentzat arrisku handiko aireportua da Hondarribikoa, beraz, ixtea komeni da eta bertako hegaldi komertzialak Biarritzeko aireportura bideratzea. Txingudiko badian dagoen harea pilaketak ekartzen dituen arazoak ere izan zituen hizpide.

Hendaiako auzapez Jean-Battit Sallaberry Akitaniako presidentetzarako hautagaiari hirian kezka handia sortzen duten bi gai jarri dizkio mahai gainean: Hondarribiko aireportua eta Txingudiko badia. Gai horiei buruz Lamassourek honakoa erran du: «Eskualdeko Kontseiluak orain arte horiei ez die garrantzirik eman eta, nire ustez, horren gainean ekin beharko dugu».

Gai horiek jorratzeko Akitaniako Kontseiluaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bilkurak antolatzearen alde agertu da, gero horietan ondorioztaturikoa estatuek urtero egiten dituzten bilkuretara eramateko.

«Aireportua segurtasun arazo larria da», adierazi zuen Alain Lamassourek. Segurtasunaz gain, alderdi ekonomikoa ere aipatu zuen Akitaniako hautagaiak. Hain eremu txikian bi aireportu izatea interes ekonomikotik begiratuta ez dela egokia azaldu zuen.

Segurtasun handiena eskaintzen duen aireportuaren aldeko hautua egin behar dela esan zuen, hots, Biarritzekoaren aldekoa. Horrela Hondarribiko aireportuak hegaldi komertzialak baztertzeko deia egin dio Lamassourek Estatu espainolari, «izatea» ere aukera ona litzatekeela nabarmenduta.

Txingudiko badia hareaz betetzen ari da eta urteak dira badia ez dela karraskatua izan. Horrek arazo larriak sortzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo