Aizkora I Urrezko lehiaketa
Asteasun eta Elgoibarren, finalerako txartelak jokoan
Gaur arratsaldean Etxebeste eta Olasagasti Rekondoren eta Atutxaren aurka neurtuko dira Asteasun. Bihar eguerdian, berriz, Donato eta Ohian Larretxea Nazabalen eta Jauregiren aurka arituko dira.
Jon LEUNDA I
Astebete besterik ez da geratzen Urrezko Aizkorako finala jokatzeko. Gaur eta bihar jokatuko dira finalerdiak, eta erabakita geratuko dira finala jokatuko duten bikoen izenak.
Gaur, Asteasuko pilotalekuan, 16.30etik aurrera, beteranoen eta gazteen arteko dema ikusi ahal izango da. Alde batetik, Olasagasti eta Etxebeste arituko dira, eta, bestetik, berriz, Atutxa eta Rekondo.
Norgehiagoka oso erakargarria da, eta faborito garbirik gabekoa. Zaleek gazteen aldeko joera baldin badute ere, bi beteranoak oso ongi aritu ziren joan den astean Arriaren eta Txapartegiren aurka. Beraz, berriro ere kontuz ibili beharko da hauekin, eta finalean sartzen badira ere, ez da aparteko ezustea izango.
Rekondok eta Atutxak, berriz, orain arte jokatutako saio guztiak irabazi egin dituzte. Aizkorazaleek itxaropen handia dute horiengan, eta hori baieztatzen hasi behar dute. Joan den denboraldian Euskal Herriko Bigarren Mailakoan lehenengo eta bigarren izan ziren, eta denboraldi honetan maila nagusian izango dira.
Orain arte erakutsitakoa baieztatu egin behar dute, ordea, eta horretarako lehen aukera izango dute gaur arratsaldean. Aurrean, ordea, ofizioa ongi ikasitako bikoa dute. Eskarmentu handiko kirolariak, eta biak sasoi onean daudela erakutsi dute aurten.
Olasagasti Mendizabalen aurkako apustua prestatzen ari da, eta itxura bikaina ematen ari da aurtengo lehiaketan. Zutikako enborretan ere bi igeldoarrak ederki moldatzen dira. Urduritasunak ere zeresana izan dezake, eta horretarako eskarmentuak garrantzi handia izaten du. Etxebestek eta Olasagastik ez dute horren faltarik.
Larretxea eta Nazabal
Bigarren finalerdia bihar eguerdian jokatuko da 12.00etatik aurrera Elgoibarren. Bertan Donato eta Ohian Larretxea Nazabalen eta Jauregiren aurka lehiatuko dira.
Dudarik gabe, finalerdi honetan denak Nazabali eta Donato Larretxeari begira egongo dira. Azken batean, biak dira eskarmentu handiena duten aizkolariak, eta beraiek hartu behar dute kanporaketaren ardura. Bi hauek egiten duten lanak garrantzi handia izango du norgehiagokan zehar.
Baina bi gazteek ere egin beharko dute lan. Ohian ederki ari da moldatzen bere aitaren babesean, eta oso ongi lan egiten du. Jauregi ere primeran ari da Nazabali laguntzen. Irakaslea eta ikaslea dira hauek, eta nabaritzen da elkarrekin ordu asko eman dituztela.
Hemen ere ez dago faborito garbirik. Larretxearentzat lan hauek oso onak dira, kolpe handiko aizkolaria baita. Nazabal, berriz, azkenaldian dena irabazten ari da. Lan motzera, luzera edo erdilanera, denetara moldatzen da ongi Etxarrikoa.
Inolako arazorik ez dutela erantzungo dute bi beteranoek, baina gazteek ikusi beharko da, segur aski bizitzan jokatu duten probarik garrantzitsuenetakoa izango baita bientzat. Finala datorren larunbat gauean jokatuko da Azpeitian.
Zilarrezko Aizkora ere azken txanpan sartu da. Saralegi eta Olano jadanik finalean sartuta daude. Gaur, Asteasun azken final-laurdena jokatuko da. Alde batetik, Llanos eta Kintana izango dira eta, bestetik, Dorronsoro eta Irazabal arituko dira. Saioa Urrezko Aizkorarekin batera izango da.
Irabazleek ez dute atseden hartzeko tarte handirik izango, bihar, Elgoibarren, eta Urrezko Aizkorako finalerdiarekin batera, bigarren eta azken finalerdia jokatu beharko baitute Mugertza anaien aurka. Mugertza III.ak Aizpururekin aritu behar zuen, baina honek joan den astean min hartu zuen, eta mutrikuarrak bere anaiarekin batera aritu beharko du gaurko saioan. J.L.