GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Txapela buruan izateko azken pausoa falta zaie Abadiñori eta Badaiotzi

J.L. I

Gauzak asko okertzen ez badira, Abadiñok, 560 kilotan, eta Badaiotzek, 500 kilotan, txapelak buruan dituztela amaituko dute Euskal Herriko Txapelketa.

Izan ere, gaur, 17.00etatik aurrera, Arrigorriagako kiroldegian jokatuko den saioarekin amaituko baita Euskal Herriko Txapelketa, eta datorren ostegunetik aurrera Munduko Txapelketa izango dute.

Mutiletan, 560 kilotan, Abadiño, Amaiur, Sokarri, Ñapurrak, Berriozar eta Barrundia neurtuko dira. Abadiño dago sailkapeneko lehen postuan, orain arteko bi probak irabazita. Beraz, eta orain artekoa ikusita, ezinezkoa dirudi bizkaitarrek ez irabaztea, besteei koska bat kentzen baitiete. Beraiei txapela kentzeko aukera bakarra Amaiurrek izango luke, baina horretarako gaur nafarrek irabazi eta bizkaitarrek hirugarren postutik atzera geratu beharko lukete.

Nesken kasuan, 500 kilotan, alegia, gauzak egoera berean daude. Badaiotz dago sailkapeneko lehen postuan, eta bi punturen aldea kentzen dio Sakanari. Nafarrek, irabazteko, gaur lehen postuan amaitu beharko lukete, eta Badaiotzek, berriz, azken postuan, eta horrek ere ezinezkoa dirudi, Badaiotz besteen gainetik baitago. Arabarrekin eta Sakanarekin batera, Beti Gazte eta Ibarra lehiatuko dira.

Azkenean, Badaiotzek eta Abadiñok irabazten badute, denboraldiko txapel guztiak eskuratuko dituzte, orain arteko guztiak beraiek eraman baitituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo