«Dirua alde izateak ez nau batere kezkatzen»
Agusti Waltari gaur neurtuko da Paxkal Ezkurraren aurka Baionan, Moderne trinketean 18.00etatik aurrera, Buruz Buruko finalean. Bi pilotariek elkarren aurkako hirugarren finala izango dute, eta aurreko biak kubatarrak bereganatu ditu. Gaurkoan ere txapela janzteko prest dago amerikarra.
Jon LEUNDA I
Waltari da azken bi urteetako Buruz Buruko txapelduna, bai eta gaur arratsaldean Baionan Ezkurraren aurka jokatuko duen finala irabazteko faboritoa ere.
Berriro ere finalean, eta berriro ere Ezkurra aurrean. Zer moduz zaude?
Ongi. Prestaketa lan handia egin dut, eta oso ongi nago. Bi urtetan irabazi dut, eta aurtengoan ere gauza bera egin nahi dut. Hala ere, partida zaila izango da, Ezkurra ere oso ongi baitago.
Faborito garbia zara. Dirua 100-10 zure alde aterako da. Horrek kezkarik ematen al dizu?
Beno, azken bi urteetako txapelduna izanda, normala da jendeak ni faborito ikustea, baina ez dakit horrenbesteko alderik dagoen. Dena dela, niri jendeak dirua zeinen alde jokatzen duen ez nau batere kezkatzen, nik ez baitut xentimo bat ere jokatzen, eta horrek ez duelako partidarik irabazten.
Sakearekin min handia egiten duzu zuk. Gaurkoan ere jokaldi erabakigarria izango al da?
Bai, bai. Buruz buru sakea oso garrantzitsua da eta niretzat jokaldi hori ongi egitea beharrezkoa da. Gaur ere uste dut erabakiorra izan daitekeela, eta horrela izan dadin saiatuko naiz.
Iazko finalaren ostean zure inguruan eztabaida batzuk sortu ziren. Ahaztuta al daude?
Ez, ez, gutxi batzuk hor ari dira berean, baina horrek ez nau kezkatzen. Nik euskaldunen erara jokatu behar dudala esaten dute horiek, baina gauzak ez dira horrela. Nik nire izaera dut, nik Kuban ikasi dut jokatzen, hango erara, eta ez daukat aldatzeko inongo asmorik. Hala ere, jendeak maite nau, eta gutxi batzuk dira ari direnak.
Superprestigioko finalean Ezkurra menderatu zenuen. Horrek indar handia emango zizun, ezta?
Ikaragarrizkoa. Buruz Burukoaren aurretik jokatu eta trinket zaharrean, niretzat egokia ez den batean irabazteak sekulako indarra eman dit.