«Aurtengo finala lasaiago hartzen ahalegindu naiz»
Paxkal Ezkurrak Buruz Buruko bosgarren finala jarraian jokatuko du gaur Baionan. Lehen biak irabazi egin zituen, eta azken biak, berriz, galdu. Iaz ez zuen amaitzerik izan, besoan zauri larria egin baitzuen. Uste baino azkarrago osatu zen, eta berriro ere final handian izango da.
J.L.
Iazkoa ahaztu eta maila bikaina eman nahi du gaur Paxkal Ezkurrak. Bera inoiz baino lasaiago doala dio, eta saiatuko da Waltari estu hartzen.
Lehen helburua bete duzu. Orain bigarrena betetzeko prest?
Egia esan, lehen helburua finalean izatea zen. Hori bete dut eta lasaitasun handia eman dit. Orain saiatuko naiz Waltari estu hartzen, baina badakit oso partida zaila izango dudala.
Faboritoa Waltari da. Horrek lasaitasuna ematen al dizu?
Bai, bai, horrek lasaitasun handia ematen dit. Bera da faboritoa, eta presioa berak du. Nik lehenengo helburua bete dut, eta orain lasaitasun horrekin saiatuko naiz Waltari estutzen. Nire aukerak izan ditzaket eta horiek aprobetxatu behar ditut.
Iazkoa, erabat ahaztuta?
Bai, bai, gauzak beste zentzu batekin hartu nahi ditut. Lehen esan bezala, gauzak lasaiago hartu ditut, gogoz entrenatu dut, eta galtzen badut ere, ahalik eta lanik onena eta itxurarik onena eskaini nahi dut.
Sakearekin min handia egiten du Waltarik. Errestoan asmatzen baduzu, ordea, aukera asko izango dituzu txapela lortzeko. Nola ikusten duzu?
Horrela da, baina komeriak izaten dira errestoan ongi aritzen. Waltarik pilotari sekulako abiada ematen dio, eta Moderne bezalako trinket batean oraindik eta azkarrago joaten da. Nik aurten errestoan lan handia egin dut, ahalegindu naiz hori lantzen, baina ez da erraza. Badakit partida luzatzen badut, aukera gehiago izango ditudala.
Finalerdiak bitarte ez duzue lehiatzen hasi beharrik izan. Nahiz eta kanporaketa bi partidara izan, ez duzue lan handirik izan. Agian hori izan da okerrena?
Egia da bai Waltarik bai nik finalerdiak oso erraz irabazi ditugula, baina buruz buru honelakoak sarritan gertatzen dira. Dena dela, nire burua ongi ikusi dut, sentsazio oso onak izan ditut, eta horrek asko balio du. Bera ere oso ongi ikusi dut. Egia esan, nahigo dut partidak erraz irabaztea.