GARA > Idatzia > Euskal Herria

«La Arena hondartzaren defentsarako plataforma» babestu du ezker abertzaleak

Bizkaiko Enkarterri eskualdeko hainbat inguru jasaten ari diren «ingurumenaren aurkako erasoak» salatu zituzten, hala nola Superportua betetzeko La Arena hondartza zulatzen jarraituz gero, desagertu egingo dela.

p021_f01.jpg

GARA | BILBO

Bizkaiko Enkarterriko ingurumenaren egoerak larrituta, zehazki, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko inguruei dagokienez, La Arena hondartzaren defentsarako plataforma babestuko duela iragarri zuen atzo ezker abertzaleak hondartza horretan bertan emandako prentsaurrekoan. Independentisten iritziz, inguru hauek «etengabeko erasoak» jasaten ari dira, hainbat enpresek dituzten interesen mesedetan. Eraso horien artean aipatu zuten, besteak beste, La Arenatik gertu 10 milioi metro kubiko hondar «lapurtu» izana. Bertatik ateratako harea Bilboko Superportua betetzeko erabiliko dutela salatu, eta lan horiek hareatza desagerraraziko dutela ohartarazi zuten: «Ez zaie axola ingurumenean adituak diren erakundeek La Arenaren gainean egin dituzten azterketek zulaketa gaitzestea. Agintariei berdin zaie hareatzaren egonkortasuna kinka larrian dagoela eta milioika arrain txiki hilko direla entzutea».

Portuko Agintaritzaren jarrerak arrantzaleengan izan duen eragina aipatu zuten halaber: «Garai batean antxoa Abrara eta La Arenara heltzen zen eta arrantzaleek urte erdia ematen zuten inguru honetan. Orain noski -gaineratu zuten-, Abra hormigoiez inguratu, eta bertako habitata suntsitu dute. Bertako kutsadurak inguruko bizi guztia akabatu du».

Azken urteak «bereziki larriak» izan direla gogoraraziz, Petronor enpresaren zeregina gaitzetsi zuten independentistek: «Enpresa honek geure padura hartu zuen orain dela 40 urte. Gainera, bai Barbadun ibaira, bai gure kostaldera, isuriak jaurtitzen ditu». Koke plantaren eraikuntzak ingurumenean egin duen kaltea ere aipatu zuten, eta bide batez, Josu Jon Imazek eta Patxi Lopezek proiektu honetan izan zuten esku-hartzea gaitzetsi. Agintarien aurka gogor jardun ziren: «Beraiena duten garapenaren bandera mila zatitan apurtuta dago: dena negozio errazarekin defenditzen dute, eta guztiak balio duela uste dute. Sortzen duten koke, sufre eta zikinkeria guztia airean askatzen dute, hain zuzen, geuk arnasten dugun aire honetan».

Egoerarekiko ardura

«Larrituta gaude Euskal Herriko inguru honetan duten jokabide ankerra dela-eta» adierazi zuten. Inguruko herriek historikoki lotura estua izan dute meatzaritza, langileria, eta klase arteko borrokarekin, eta horregatik, azaldu zutenez, «are eta arrazoi handiagoa» dute Enkarterriko, eta zehazki, Ezkerralde zein Meatzaldeko, egoera aldatzearen aldeko apustua egiteko: «Beharrezkoa dugu aldaketa, ankerkerian eta ingurumenaren aurkako erasoetan oinarria duen eredu neoliberal hau gainditzeko». Horrenbestez, indarrak batzea ezinbestekotzat jo zuten, indar plural eta herrikoak bat eginez posible diren aldaketak ekartzeko, independentzia barne.

Salaketa hauekin guztiekin, eskualde guztietako hiritarrak «gure inguruak, gure osasuna eta gure etorkizuna» defendatzera deitu zituzten: «Ezker abertzaletik iragartzen dugu La Arena hondartzaren defentsarako plataformak aurkeztutako mozio eta proposamenak babestuko ditugula, eta beraz, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko udalek geure ordezkarien babesa izango dutela».

zierbena

Inguru honetan kokatutako hainbat enpresek sortzen duten «kutsadura handia» dela-eta, Europan, metro koadro bakoitzeko hondakin kutsakor gehien dituen herrialdea bilakatu da Zierbena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo