GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Buruko finala

Waltarik berriro ere botearekin erabaki du

Kubatarrak 25 kintze lortu zituen hasierako jokaldiarekin, eta Ezkurra inongo aukerarik gabe utzi zuen. Hala ere, lapurtarra ongi hasi zen, eta 3-11 aitzinetik ere joan zen, baina gero ezin izan zuen ezer egin.

p052_f01.jpg

WALTARI 40

EZKURRA II 18

Jon LEUNDA

Waltarik hirugarren urtez jarraian jantzi zuen Buruz Buruko txapela, eta hirugarren urtez jarraian, gainera, Paxkal Ezkurra mendean hartuta. Atzokoan ere sakean egon zen gakoa, 25 kintze sartu baitzituen pilotari kubatarrak hasierako jokaldiarekin, eta horrela ezinezkoa du aurkariak garaipena lortzea.

Hala ere, partida ez zen hasi uste bezala. Sakea Ezkurrari egokitu zitzaion, eta urruñarrak bere aukerak ederki aprobetxatu zituen. Lehen sei kintzeetatik hiru saketik lortu zituen, eta oso denbora gutxian 3-11 aitzineratu zen. Gauzak horrela, partidaren norabidea ez zen hasieran pentsa zitekeen modukoa, eta finala inoiz baino estuagoa zetorrela, eta Ezkurrak irabaz zezakeela ematen zuen, baina gauzak berehala aldatu ziren.

Hamaikagarren kintzean berdindu zuen kubatarrak partida eta hurrengo bi tantoetan oreka izan baldin bazen ere, amerikarra hasi zen sakearekin asmatzen, eta akabo. Finalak ez zuen izan kontatzeko ezer gehiago. Waltari kintzeak bata bestearen atzetik lortzen hasi zen sakeari esker.

Ezkurra ahalegindu zen pilota itzultzen, baina ezinezkoa egiten zitzaion. Kubatarrak sekulako abiadura ematen zion pilotari, eta ez airez, ez punpa eginda ezin izaten zuen itzultzeko moduan asmatu, eta aldea handitzen hasi zen txapelduna.

Apurka-apurka aldea gero eta handiagoa zen, eta garbi zegoen txapela aurten ere nork jantzi behar zuen, eta halaxe izan zen, berriro ere garaipen erosoa lortu baitzuen Waltarik, eta berriro ere botea izan zen protagonista.

Izan ere, txapeldunak errekor berri bat ezarri baitzuen atzo. Final batean inoiz ez baitzituen inork 25 tanto saketik egin, ezta buruz buruko partida batean ere, ez behintzat 40ra jokatzen denetik. Lehen 50era jokatzen ziren partidak, baina adinekoak ere ez ziren oroitzen inoiz pilotari batek hala 25 kintze egin zituenik.

Paxkalek ahal zuena egin zuen. Oso ongi ekin zion finalari, sakea alde izan zuenean abantaila izan baitzuen, baina Waltarik sakea kendu zionean, ezinezkoa egin zitzaion ezer egitea, eta hirugarren urtez jarraian bigarren postuarekin konformatu beharko du. Urruñarrak atzokoarekin ondoz ondoko bosgarren finala jokatu zuen, baina lehen biak bakarrik irabazi ahal izan zituen.

Binakakoa

Binakakoa nola eta noiz jokatuko den oraindik inork ez badaki ere, jadanik aurrekanporaketak jokatzen hasi dira. Lau bikote ari dira hiru jardunaldiko ligaxka jokatzeko asmoarekin, eta horko irabazleek lortuko dute sailkapena. Pasa den astean, Bielle-Harizmendi bikoak 40-31 irabazi zion Lanbert-Ducassou bikoari, eta Alfarok eta Dermitek ere irabazi egin zieten, 40-38, Ezkurra I.a eta Kurutxariri.

Gaur Lekorneko pilotalekuan, Bielle-Harizmendi eta Alfaro-Dermit neurtuko dira elkarren aurka, eta bihar, berriz, Donibane Garazin, Lanbert eta Ducassou Ezkurra I.aren eta Kurutxariren aurka arituko dira nor baino nor.

Errekorra

Waltarik marka berria ezarri zuen atzoko finalean. Buruz Buruko final batean ez baitzituen orain arte inork 25 tanto saketik egin, eta hori egiteko gai izan zen atzo amerikarra.

Bost final

Paxkal Ezkurrak bere bosgarren finala zuen atzokoa. Lehen biak irabazi zituen, baina azkeneko hirurak galdu egin ditu. Hirurak, gainera, Waltariren aurka jokatutakoak izan dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo