GARA > Idatzia > Ekonomia

Zalain-ekoek lanuzteak iragarri dituzte, beren egoera salatzeko

N.G. | LESAKA

Zalain Transformados-eko langileek gaur bertan abian jarriko dituzten mobilizazioen berri eman zuten atzo, lantegiaren etorkizuna defendatzeko asmoz eta azken urteetan dauden «kaleratze mehatxuak» amaitzeko.

«Enpresa batzordea etorkizuneko plan bat eskatzen ari da behin eta berriz, baina langile nahikoa badagoela erantzuten digute soilik», salatu zuten sindikatuetako ordezkariek.

Gaurko, 24 orduko lanuztea deitu dute, 22.00etan hasita; eta bihar goizean, langileen batzarra egin ostean, manifestazioa egingo dute industrialdetik Berara.

Martxoaren 3rako beste 24 orduko lanuzte bat iragarri dute, baita manifestazioa ere, Lesakan. Biharamunean, Gasteizen mobilizatuko dira Zalaingo langileak, 11.30ean elkarretaratzea egingo dute Andra Mari Zuriaren plazan, «Zalain etorkizunaren alde, mehatxurik ez» leloarekin. Arabako hiriburuan, SEA patronalaren egoitzatik pasatuko dira Zalaingo langileak, eta Condesak Gasteizen duen egoitzaren aurrean ere egongo dira.

«Mehatxupean»

«Azken lau urteotan, Zalain Transformados lantegiko langileok mehatxupean bizi gara, kaleratzeak egin behar dituztela-eta», azaldu zuen atzo langileen batzordeak. Izan ere, enplegua erregulatzeko bi espediente jasaten ari dira, pasa den maiatzaren 25etik, eta azkenak hurrengo urriaren 30era arte iraungo du.

Zuzendaritzak enpleguaren erregulazio espediente horiek «inolako kontrolik gabe» aplikatzen dituela salatu zuten langileek. Espedienteen aplikazioan, «diskriminazioa» sumatzen dutela azaldu zuten, arloen arabera, izan ere, «batzuetan langileen %80 daude lan egin gabe, eta beste batzuetan, berriz, gehienak daude lanean», zehaztu zuten.

Langileen ordezkariek azaldu zutenez, Zalain Transformados lantegian 2004an, Condesa jabe egin zenean, 480 langile ari ziren, eta egun 300.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo