GARA > Idatzia > Kultura

«Reacciona!», gazte «lokartuentzat» Kaotikoren seigarren zartakoa Aguraindik

Kaotiko talde arabarrak hamar urte bete ditu taula gainean eta oraindik ere bazterrak musikaz astintzeko gogoz jarraitzen dute. «Reacciona!» disko berriarekin «lokartuta dagoen gazteria» mugiarazi nahi dute.

p051_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Beti bezain indartsu itzuliko dira errepidera Kaotiko aguraindarrak. Kaos Etiliko desegin ostean 2000. urtean sortutako boskoteak «Reacciona!» (Baga-Biga) diskoa aurkeztu zuen atzo; seigarrena jadanik, eta asteburu honetan bertan ekingo diote aurkezpen birari, Uharten ospatuko den Gazte Egunean.

Bizi ditugun garaiotan gazteriari esnatzeko deia egin nahi diote. «Jendea eta batez ere gazteria mugitzen ahalegindu gara, bai etxetik bai sofatik», esan zuen Xabi bateria-jotzaileak. «Gizartea lokartuta dagoela ikusten dugu», gaineratu zuen. «Askotan hainbeste gauzatan daukagu burua, ez garela ohartzen zer ari zaizkigun saltzen. Jendeak disko honetako letrak entzun eta pixka bat pentsa dezan espero dugu», azaldu zuen Jhony abeslariak.

Ahalegin hori kantuen hitzetan ageri da nabarmen. Gai sozialak jorratu dituzte, baita politikoagoak ere. «Bienvenido al show» aurkezpen abestian, esaterako, jendearen ezbeharrekin sortutako entretenimendu saioak kritikatzen dituzte. Langileen zapalkuntza, krisia eta faxisten erasoak ere aipatzen dituzte eta «A Kms.» kantuan, berriz, euskal presoenganako elkartasuna eta torturaren aurkako salaketak ere jaso dituzte.

Musikari dagokionez, berriz, orain arteko estiloari eutsi diote. Ritxi Aizpuru Baga-Biga diskoetxeko arduradunak azaldu zuenez, «lehendik datorren Kaotiko oraingo Kaotiko ere badela azpimarratzekoa da». Bestalde, taldeak orain arteko punch-a mantentzen duela esan zuen, kantu «labur eta gogoraerrazekin».

Koruetan indar berezia jarri dute oraingoan ere. Nabarmentzekoak dira taldearen bereizgarri bilakatu den ahotsa, Jhonyren ahots nahastezina, eta Fonta gitarra-jotzailearen laguntzaz sortutako errepikak. «Beti ahalegintzen gara koruei lehentasuna ematen. Ahotsari garrantzia handia ematen diogu. Koru eleganteak eta gogoraerrazak izan daitezen saiatzen gara», esan zuen Xabik. Jhony-z eta Fontaz gain, Aguayo eta Aguayiko anaiek osatzen dute boskotea. «Talde bezala oso batuta gaude, lagunak baino gehiago gara, taldekide berak gaude hasieratik», nabarmendu zuen Xabik.

Hamahiru abestiz osatutako lana Azkaraten grabatu dute, Katarain estudioetan. Haritz Harreguy arduratu da ekoizpenaz eta nahasketak ere berak egin ditu Usurbilgo Higain estudioan. Masterizazioa Jonan Ordorikaren esku egon da.

ZUZENEKOAK

«Reacciona!» seigarren diskoaren aurkezpen bira larunbatean hasiko dute Uharten. «Adrenalina» aurreko diskoarekin egindako ehun kontzertu inguru gainditzea espero dute.

Fitxa

Diskoa: «Reacciona!».

Diskoetxea: Baga-Biga.

Kontzertuak:

Uharte (Gazte Eguna), otsailaren 17a.

Ondarroa (Kafe Antzokia), martxoaren 6a.

Donostia (Doka), martxoaren 13a.

Gasteiz (Jimmy Jazz), martxoaren 20a.

Bilbo (Kafe Antzokia), apirilaren 8a.

Elizondo (Lur), apirilaren 10a.

Data gehiago:

www.myspace.com/kaotikocom

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo