GARA > Idatzia > Ekonomia

Iberdrolak 2.824 milioi euro irabazi zuen 2009an, aurreko urtean baino % 1,3 gutxiago

GARA | BILBO

Iberdrolak 2.824,3 milioi euroko mozkinak aurkeztu ditu 2009ko ekitaldiari dagokionez. Kopuruak % 1,3ko jaitsiera adierazten du. Horren arrazoien artean, emaitza ez errepikari txikiago bat eta testuinguru ekonomiko txarra aipatzen ditu elektrizitate konpainiak. Egoera ekonomiko txar horri buruz, Estatu espainolean negozioak okerrera egin duela dio, eta eskaeraren eta prezioen jaitsiera ere aipatu ditu.

Enpresaren azalpenen arabera, 2008ko ekitaldian zehar aktiboen desinbertsioak 555,2 milioi euroko gainbalioak ekarri zituen. Aurten emandako 225,3 milioi euroekin alderatuta, jaitsiera %59,4koa da.

Hala ere, konpainiak azaldu zuenez, mozkin gordin errepikariak -ezohikorik gabeak- %7,2ko igoera izan zuen 2.602 milioirainokoa, eta horrek akzio bakoitzeko dibidendua mantentzea baimendu du.

Enpresak munduko hainbat herrialdetan dituen negozioetan emaitza hobeak izan zituen 2008arekin konparatuta, ohiko negozioan eta berriztagarrien arloan Estatu espainolean izan ezik.

Estatu espainolean, iaz baldintza operatibo kaskarrak izan zituen Iberdrolak, handizkako merkataritzan izandako prezioaren jaitsiera nabarmenagatik eta energia elektrikoaren eskaeraren jaitsieragatik.

Aurtengo ekitaldiari begira, emaitzak hobetzea aurreikusten du konpainiak, testuinguru ekonomikoan aurreikusten den hobekuntzak lagunduta. Bide horretan, eskaera egonkor mantentzea espero dute. Gainera, besteak beste, instalatutako gaitasuna handituta, gastu operatibo eta finantzarioak hobetuta eta inbertsioak ekitaldian sortutako kutxako fluxuari egokituta, emaitzak hobetzeko bidean izango dela dio Iberdrolak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo