GARA > Idatzia > Mundua

Islandia EBko kide izateko prozedura hastea baimendu du Batzordeak

Islandia Europar Batasuneko kide bihurtzeko negoziazio prozedurari ekiteko baimena eman zuen atzo Europako Batzordeak. Britainia Handia eta Herbehereekin duen «Icesave» afera pil-pilean bada ere, Islandia 2011rako kide bihurtzeko arazorik ez da aurreikusten.

GARA

Europako Batzordeak baiezkoa eman dio Europar Batasuneko kide bihurtu dadin Islandiarekin negoziazioak hasteari. Negoziazioa aurten has daiteke eta 2011rako amaitua egotea espero da.

«Elkarrizketarekin hastea gomendatzen du Europako Batzordeak», esan zuen EBren Hedapenerako komisario Stefan Fulek.

Fulek nabarmendu zuenez, «Islandia ibilbide demokratiko luzea duen herrialdea da, merkatu-ekonomia du indarrean eta EBko legediaren zati handi bat erabiltzen du, Europako Ekonomi Esparruko kide baita». Europar Batasunaz gain, Islandiak, Norvegiak eta Liechtesteinek osatzen dute esparru hori.

Horregatik guztiagatik, negoziazioak ez duela luze iraungo aurreikusten da; hamalau hilabete baino ez, Bruselaren ustearen arabera.

Horrez gain, Fulek nabarmendu zuenez, Europako Batzordeak «alde biko arazotzat» jo zuen Islandiak Britainia Handia eta Herbehereekin duen afera. «Icesave» prozeduraren arabera, Islandiak bertako Landsbanki bankuaren porrotarengatik Britainia Handiko eta Herbeheretako bezeroei kalte-ordainak eman behar dizkie. Horrek Reykjaviken, Londresen eta Amsterdamen arteko harremanak ozpindu ditu.

Dena den, Fuleren arabera, Europako Batzordeak «gertutik» aztertuko du afera honen bilakaera Islandia «kapital eta zerbitzuen mugikortasuna bermatzeko gai den ala ez aztertzeko».

Islandiako agintariek erreferenduma antolatu dute martxoaren 6rako Reykjavikek «Icesave» aferako kalte-ordainak ordaindu behar dituen ala ez erabakitzeko.

Londres eta Amsterdamek 5.000 milioi dolarreko [3.682 milioi euro] mailegua eman zioten Reykjaviki aurreztaileek galdutako dirua itzultzeko, baina Islandiako presidente Olafur Ragnar Grimssonek uko egin zion ituna berresten zuen legea sinatzeari, herritarrek akordio honen aurkako jarrera garbia azaldu ondoren, interes altuegiak ezartzen zirelako.

2009ko uztailean aurkeztu zuen Islandiak Europar Batasuneko kide izateko eskaera, nazioarteko finantza krisiak herrialdea larriki jo zuenean.

320.000 biztanle baino ez dituen arren, Islandia garrantzi handikoa da Europar Batasunarentzat, Fuleren esanetan, Ozeano Artikoan duen presentziagatik. Inguru horretan petrolioa eta gasa aurkitzeko saiakerak egiten ari dira.

«Munduko demokraziarik zaharrenak tokia du Europar Batasunaren familian», adierazi zuen Europako Parlamentuko presidente Jerzy Buzekek.

ziztu bizian

Islandiak Europar Batasuneko kide izatea eskatu zuenetik zazpi hilabete baino ez dira pasa. Turkia edo Balkanetako herrialdeak ez bezala, Islandiarekiko negoziazioak ez duela luze iraungo aurreikusten da eta baliteke Kroazia baino lehen kide bihurtzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo