GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Grezia geldirik, baina ez besoak uztarturik, «aberatsek» eragindako egoeraren aurrean

Europako Batzordearen, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Europako Banku Zentralaren ordezkaritza batek Bruselarekin adostutako neurrien aplikazioa ikuskatzen zuen bitartean, Grezia geldirik zegoen atzo sindikatu nagusiek deitutako greba orokorra zela-eta. Egitate hori 24 orduko lanuztearen arrakastaren adierazgarri sendoa da. Eta protestaren zergatia edozeinek ulertzeko modukoa da, bereziki beren larruan jasaten dutenek; izan ere, atzoko mobilizazioetako pankartek zein greziar herritarren hitzek argiro agertzen zuten: «Herritar xumeek ez dute zertan aberatsek eragindako krisia ordaindu». Gobernuek eta nazioarteko ekonomia erakundeek egoeraren azterketa konplexuagoak egingo dituzte, baina nekez ukatu ahalko dute egia hori.

Mundu osoan finantza sistemaren gaineko kontrolik ezak aspaldi luzeko krisirik handiena eragin zuenean, sistema horrek hondoa jo ez zezan diru publikoz lagundu ondoren, espekulazio basatiaren arriskuak saihesteko neurriak agindu zituzten munduko liderrek. Hala ere, finantza konpainiek, lehengo lepotik burua, krisialdia gainditu gabe ere, lehengora itzuli ziren, besteak beste eta bereziki, Greziaren ekonomia kinka larrian jarri arte. Ezagunak dira herrialde hori egoera horretara eraman duten konpainien izenak. Eta Euroguneko herrialdeek, oso kezkatuta, hots, euroaren egoerak kezkatuta, herstura neurriak eskatu zizkioten Greziako Gobernuari. Hura izan zen eskaini zioten «laguntza» eta atzoko grebaren kausa nagusia, Giorgos Papandreuren Gobernuaren neurri nagusiak soldatetan eta pentsioetan murrizketak egitea eta, oro har, jende xumearen egoera eskasa okerrera bultzatzea.

Atzokoa Greziako Gobernuari ez ezik, Europar Batasunari emandako erantzuna ere izan zen -azken batean, heleniar Gobernua bitartekari ahul bat baino ez da-, haren politikak, europar gobernuen politikek, botere ekonomikoarekin bat egiten dutelako.

Nolanahi ere, atzoko greba eta mobilizazioak, jendetsuenak eta nabarmenenak izanik ere, ez dira greziarrek aspaldion egin dituzten bakarrak; izan ere, finantza eta ekonomia krisia mundura zabaldu zenetik, ez dira gutxi izan neoliberalismoaren azken ondorio latzei emandako erantzunak. Horregatik, greziarren mobilizazio horiek, eta bereziki atzoko greba, espainiar sindikatu nagusiek herenegun deitutako protesta bakar eta ahularekin alderatzea saihestezina gertatzen da. Estatu espainolaren egoera ez da Greziarena, baina bien arteko aldea ez da Madrilgo Gobernuak nahi lukeen bezain handia eta, nolanahi ere, espainiarra Europar Batasunarentzat arriskua adierazten duten estatuetako bat da. Saihestezina da, halaber, greziar sindikatuen eta espainiarren arteko aldeari erreparatzea, batzuek eta besteek jokatzen duten papera dela eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo