GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Dora Gersonen azken agurra

Iñaki LAZKANO | Kazetari eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Iragan astean, «Jud Süss-Film ohne Gewissen (2010) pelikula aurkeztu zuen Oskar Roehler zinemagileak Berlinalen. Ferdinand Marian aktorearen bizipenak oinarri harturik, zinema naziaren erraiak biluzi egiten ditu bertan bavariarrak. Veit Harlan zinema zuzendariaren «Jud Süß» (1940) film antisemita entzutetsuan protagonistaren rola jokatu zuen Marianek. Propaganda naziaren lanik arrakastatsuena izan zen «Jud Süß», egiazki. Juduen aurkako gorrotoa zabaltzeko atondutako maisulana. Zinema naziaren egile esanguratsuena bihurtu aurretik, zinema mutuan eman zituen lehen urratsak Veit Harlanek. Hantxe, hain justu, ezagutu zuen Dora Gerson. Josef Steinen «Auf den Trümmern des Paradieses» (1920) eta «Die Todeskarawane» (1920) filmetan Bela Lugosi mitikoarekin egin zuen lan Dora Gersonek. Elkar ezagutu eta lasterrera, 1922an, ezkondu ziren Harlan eta Gerson. Maitasun harremanak bi urte baino ez zuen iraun , ordea. Apurtu ondoren, betiko banatu ziren haien patuak.

Judua zen Dora Gerson eta nazismoak bere lan ibilbidea eten zuen. Kabaret kantari ospetsua zen arren, ate guztiak itxi zizkioten. Zinema eskaintzarik ere ez zuen jaso. Erdeinua besterik ez. Veit Harlanek «Jud Süß» film antisemitarekin loria erdietsi eta gutxira atxilotu zuten Herbehereetan. «Inmensee» (1943) estreinatu zuen urtean, aldiz, Auschwitz-eko kontzentrazio-esparruan galdu zuen bizia Gersonek. Ez zegoen bakarrik. Senarra eta haien bi haurrak ere bertan hil zituzten. Gerra ostean, mugimendu antisemitan parte hartu eta naziei laguntza emateagatik epaitu zuten Veit Harlan. Alta, nazismoarekin kolaboratzera derrigortua izan zela azaldu eta gero, aske utzi zuten. Aski ezaguna zaigun argudioa da hori, zinez. Frankismoko hilketa ilunengatik epaituak izan ez diren errudunei ere Erregimenak behartuta erail zutela entzun behar izaten diegu-eta oraindik. Ez dakigu Dora Gersonek «Vorbei» kanta zirraragarria abestu ote zuen Auschwitzen igaro zuen azken gauean. Litekeena da, baina. Itzuliko ez diren sasoi ederrei buruzko balada malenkoniatsua baita. Orobat, ez dakigu ere Veit Harlanek inoiz entzun ote zuen iragan galduaz gogoeta egiten duen balada etsia emazte ohiaren ahotsean. Hala izan bazen, bihotza Poloniako lur hotzean zuela lurperatua sentituko zukeen, akaso. Chopinek bezalaxe. Lehen maitasunaren oroitzapenaren gatibu. Edo, beharbada, zoriontsua zen. Sekula bihotzik izan ez duenak ezin baitu bihotzik galdu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo