Etzi banatuko dira Cesar sariak, Estatu frantseseko zinema lanen gorazarre
GARA | PARIS
Estatu frantsesean Cesar sariekin saritzen dituzte urtero zinema lanik bikainenak. 2009ari dagozkionak etzi, larunbata banatuko dituzte, eta Donostiako Zinemaldian Zabaltegi sailean arrakasta lortu zuen «Un prophéte» da hautagai nagusia. Kartzela mundua erakusten duen filmak saria jaso zuen Canneseko azken zinemaldian eta Oscar sarietan ere hautagaia da, atzerriko film onenaren saria jasotzeko.
Sari banaketa Chatelet antzokian egingo dute, Marion Cotillard antzezlearen gidaritzapean, eta Isabel Adjaniren itzulera izango du aipagarriena -lau Cesar sari ditu jada-, antzezlea zinemara bueltatu baita «La journée de la jupe» filmarekin, emakume antzezle onenaren sarirako izendapena duena, Audrey Tautou («Coco avant Chanel» filmagatik) eta Dominique Blanc («L'autre» filmagatik) antzezleekin batera.
13 izendapenekin, «Un prophéte» urteko zinema gertakaririk nabarmenena dugu Estatu frantsesean, kritikaren goraipamenak ez ezik, publikoaren aldetik ere arrakasta izan baitu, 1,2 milioi ikus-entzule erakarri dituela kontuan hartuta. Cannesen, Louis-Delluc 2009 jaialdian eta Londreseko zinemaldian sari nagusiak jaso ditu, eta Britainia Handian, gainera, Bafta bat jaso berri du, atzerriko film hoberenari dagokiona.
Film onenaren eta zuzendari onenaren sarietarako ez ezik -Jacques Audiard du errealizatzailea-, bertako protagonista, Tahar Rahim, gizonezko antzezle onenaren sarirako ere izendatu dute.
«Un prohéte» filmarekin lehian Philippe Lioretek zuzendu «Welcome» -afganiar eta irakiar etorkinez mintzo dena- eta «Le concert» filmak izango dira -azken honek Andrei Filipov du protagonista, sobietar orkestra ikaragarri baten zuzendaria-, arrakasta itzela lortu dutenak bi hauek ere.
Hollywood eta Haneke
Atzerriko filmei dagokienez, Cesar saria eskuratzeko izendatuak James Cameronen «Avatar» 3D filma, Clint Eastwooden «Gran Torino» eta Gus Van Santen «Harvey Milk» eta Michael Haneke austriarraren «Das Weiße Band» aurkitzen dira.
Sari-banaketa ekitaldiko aurkezle lanetan Valérie Lemercier eta Gad Elmaleh bikote komikoa ere arituko da, eta guztira 22 bi sari banatuko dituzte.