Iganderako lehen probak
Juanfran hasierako hamaikakora itzuliko da
Ricardori osatu zaio iskiotibialetan zuen arazoa, eta igandean jokatzeko moduan dago madrildarra.
GARA | IRUÑEA
Oraindik asteko lehen probak besterik izan ez diren arren, atzoko entrenamenduan ikusitakoaren arabera, Gijonen ere Juanfran hasieratik zelairatzeko asmoa du Jose Antonio Camachok. Egin zioten ebakuntzaren ostean, lehen minutuak jokatuak ditu jokalariak, Valladoliden aurkakoan.
Denboraldiko sasoirik onenean zela -Villareali bi gol sartu ostean- apendizitisak jota ebakuntza egin behar izan zioten Alacantekoari, eta ezin izan zituen jokatu Tenerife eta Sevillaren aurkako partidak. Gijonen aurkako partida, berriz, hasieratik jokatuko du ziurrenik.
Gaitzaren aurretik emandako maila bikainaz gain, eskuin hegalean haren ordezko gisa aritu den Masoud iraniarrak emandako maila eskasak ere bideratu du erabaki hau. Ezker hegalean ere Camachok gauzak nahikoa argi dituela ematen du eta postu hori azken partidan berdinketaren gola egin zuen Camuñasentzat izango da.
Aurrealdean ere, okerrik ez dela, ohikoa duen bikotea zelairatzeko asmoa agertu zuen Murtziakoak atzoko saioan, hau da, Pandiani eta Aranda, nahiz eta bi hauen azken partida ez zen punta-puntakoa izan. Zalantzarik handienak euskarri postuetan pilatzen zaizkio Camachori eta atzo hainbat proba egin zituen. Lehenengo, ohikoak diren Puñal eta Nekounam aritu ziren, baina saioak aurrera egin ahala, Ruper gaztea eta Vadocz hungariarra ere ustezko titularren artean aritu ziren.
Atzealdean, Azpilikueta ez zen titularrekin aritu, apur bat kargatuta zela-eta, baina ez dirudi arazorik izango duenik El Molinonen Sergio, Flaño eta Monrealekin atzealdeko lerroa osatzeko.
Atean ere ez da aldaketarik izango, Ricardo madrildarra jokatzeko moduan egongo baita. Valladoliden aurkako igandeko partida minduta amaitu zuen, baina ezin izan zuen aldaketarik eskatu, egin daitezkeen hirurak jada eginak zituelako Camachok.
Asteartean ezin izan zituen gainerako taldekideek egindako esfortzu probak osatu min hartuta zegoelako eta honek kezka sortu zuen taldean, baino atzo normaltasun osoz burutu ahal izan zuen entrenatzaileak prestatutako saioa eta, azken uneko arazorik ezean, Gijonen jokatzeko moduan egon beharko luke.
Taldearen helburua mailan jarraitzea dela esan zuen asteartean Ruperrek, baina Nekounam iraniarrak, atzoko prentsaurrekoan, aldagelan UEFAri buruz hitz egiten dutela adierazi zuen.