GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Travellin' Brothers, Lyerly eta Gatos Bizcos-ek blues doinuz beteko dute Zizurkil

A. B. | BILBO

Bere xumetasunean jaialdi esanguratsua da Zizurkilen urtero egin ohi dutena, orain zortzi urtetik hona eta doan. Zizurkil Blues jaialdiak hiru kokapen ditu hiru talde hartzeko, bata bestearen segidan eta txandaka, inork ezer gal ez dezan.

Bihar gauean abiatuko da jaialdia Atxulondo tabernan, 23.00etan, Bill Lyerliren taldearen partaidetzarekin. Estatubatuarra dugu Lyerly jatorriz, orain gutxi Iruñera aldatua. Blues musikari trebatu, sustrai amerikarreko doinuak jorratzen dituen morroiak Gaztelupeko Hotsak zigiluan eman du azken emaitza, «Too Hurt To Cry» lan grinatsua. Oholtza gainean azken hiru hamarkadetan zehar jo izanak eta Steve Earle edo Allman Brothersen ondoan izateak eman dion ezagutza paratu du bertan. Lyerly, «Hemingway eta entzierroek baino maitasunak» ekarri du Iruñera, bere esanetan «bluesmanak azken erromantikoak» baitira, eta AEBetan osatu errebolber zaharren bilduma faltan botatzen duen arren, gustuko omen ditu oso «bazkalosteko lo-kuluxka eta sagardoa» beste kontu askoren artean.

Euskaldun amerikarraren ostean, Los Gatos Bizcos taldeak hartuko du lekukoa, Egarri tabernan (izen aproposagorik ezin). Madrildar laukoteko kideek makina bat taldetan jo izan dute elkarrekin bildu baino lehen, swing eta rythm & bluesaren bidean aurrera egiteko. Buddy Miles, Bob Stroger, Bob Sands eta Peaches Staten musikari aritu izan dira eta Los Gatos Bizcos izenpean aurki plazaratuko dute lehen emaitza.

Bilbo blues

Etxeko ordezkari, Travellin' Brothers bizkaitar taldea. Bilbotarrek orain bost urte inguru ekin zioten bluesaren bide emankorrari, eta hirugarren lana aurkeztuko dute, Gaztelupeko Hotsak-ek plazaratu «Red, Hot & Blue».

2004an zuzeneko lan bat grabatu zuten aurrena, «A Blues Experience. Live From Kafe Antzokia», eta «From the Road» lanarekin izan zuten segida, 2007an. Gero eta helduago eta trinkoago, Aitor (gitarra) eta Eneko (baxua) Cañibano anaiek eta Jon Kareaga (ahotsa) lehenengo bien lehengusuak osatzen dute seikotea, Isi Redondo (bateria), Ander Unzaga (teklatua) eta Alain Davidekin (saxoa) batera. Guztien artean «feeling maila polita lortu dugu» diote taldekideek, eta azken lan honetan «urteetan bila aritu izan garena egin ahal izan dugu» gaineratu.

Zizurkil izango da lekuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo