GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Munduko Txapelketa

Euskaldunek urrezko domina bat, zilarrezko bi eta brontzezko bat irabazi dituzte

p029_f03_60652.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko domina bat, zilarrezko bi eta brontzezko bat, horixe da euskal taldeek Munduko Sokatira Txapelketako lehen jardunaldian lortutakoa. Beraz, hasiera oso ona izan da, eta jarraipena ere horrelakoxea izan dezake, gaur arituko diren pisuetan ere onenetakoak baitira.

Urrezko domina gizonezkoen 560 kilokoan lortu zuten, eta pisu berean heldu zen zilarrezko domina bat ere, Abadiño eta Amaiur lehiatu baitziren finalean, eta Euskal Herriko Txapelketan gertatu zen bezalaxe, bizkaitarrek, Abadiñok, alegia, lortu zuten garaipena, eta bigarren postuarekin konformatu zen talde nafarra. Hirugarren postuan Cochill eta laugarren Richhill sailkatu ziren, biak ere Irlandako taldeak.

Emakumezkoen 520 kilokoan heldu ziren beste bi dominak. Badaiotzek zilarrezko domina kolkoratu zuen finalean Txina Taipei taldearen aurka galdu ostean. Gasteiztarrek pena zuten, izan ere, finala euren akatsen erruz galdu zutela uste baitzuten. Pisu berean brontzezko domina kolkoratu zuen Sakanak. Nafarrrek hirugarren postu horretarako lehian beste talde nafar bat, Beti Gazte, menderatu behar izan zuten.

Beraz, lehen lau postuetan hiru euskal talde sartu ziren, baina ezin urrezko domina lortu. Gaur 600 kilotan (gizonezkoak) eta 500 kilotan (emakumezkoak) neurtuko dira euskaldunak, eta dominak lortzeko aukera asko izango dituzte. Izan ere, bi pisu horietan bai Abadiñok, bai Badaiotzek aurreko Munduko Txapelketan urrezko domina jantzi baitzuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo