GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Bertsolari Txapelketa Nagusian sakontzeko, DF bertsozale eskola Plateruenan

GARA | BILBO

Bigarren urtez Durangoko Plateruenako DF bertsozale eskola ospatuko da datorren astetik aurrera. Eskola hau bertsozaleriari zuzendutakoa da, «bertsoaz gehiago jakin eta gozatu gura duen edonori bertsogintzari buruzko dibulgazio saio didaktikoak eskaintzea da gure asmoa», azaldu zuten Plateruenatik.

2009ko udaberrian ospatu zen DF bertsozale eskolaren lehenengo zikloa, tailer formatuko sei saiorekin. Bat-bateko bertsogintzaz, bertso idatziez, bertsolaritzaren historiaz... jardun ziren Igor Elortza, Unai Iturriaga, Josu Goikoetxea, Xabier Amuriza eta Maialen Lujanbio.

Aurtengo edizioan, iazko DFkideek eurek hala erabakita, 2009ko Txapelketa Nagusiari errepasoa egingo diote, berbaldi formatuan. Lau saio egingo dira: martxoaren 4an, Andoni Egañak oholtza gainean bizi izan dituen txapelketetan zehar bertsogintzak izandako bilakaera aztertuko du, 1986tik 2009ra arteko errepasoa eginez; hilaren 11n, Unai Elizasu eta Maite Berriozabal Txapelketa Nagusiko gai-jartzaile taldeko kideek azken txapelketako gaiak aztertuko dituzte, gai-jartzaileen ikuspegitik; martxoaren 17an, Agin Rezola eta Iñaki Aurrekoetxeak, GARAko eta «Berria»ko bertso kritikariek, 2009ko Txapelketak bertsogintzari egindako ekarpenez jardungo dute; amaitzeko, martxoaren 24an, Eider Rodriguez idazleak eta Asier Altuna zinemagileak ere euren ikuspegia azalduko dute, bertsogintzaz eta txapelketaz.

Izen-ematea martxoaren 2a baino lehen egin beharko da kultura@plateruena.net helbidean, 15 euroren truke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo