Maite Ubiria Kazetaria
Herri sarea amets, ari gara haria ehuntzen
Euskal Herria aukera galduen herria ez dela sentitzen duten guziek badute jostun lana hartzekorik. Herri honek bere izaera galdu gabe bere etorkizuna asmatzeko erronka duela pentsatzen duen orok lihoa ehuntzeko deialdiari entzun beharko lioke.
Amildegia bizkarrean, begirada itsaso zabalera edo, nahi bada, mendi lainotik gorago eramateko tenorea heldu zaigu.
Kopla horrekin al zabiltzate berriz? Hamaika aldiz antzeztuta ere, pastorala nehoiz ez da berdin irudikatzen.
Mamiak, historiak eta, zer esanik ez, arimak ere, bere baitan dihardute. Plaza, aroa, jokalaria eta uneak, noski, saioa moldatzen dute, udaberri bakoitza aberastasun berriaz jantziz.
Iraganeko hatsa sentitzen badugu ere, jakin badakigu haize berriak soilik mugiaraziko duela errota. Atarian dugun uneak ez du parekorik, hariz hari, ehuntzeke dagoelako.
Harian gara. Eta norekin? Aldamenean dugunarekin gaur, ondoko auzoari eskua luzatuz bihartik. Eta noiz arte? Korapilo guziak, agerian direnak zein isilarazi dituztenak, askatu arte.
Eta berriro galdetzen dizut. Noiz arte? Ari gara, zatoz gurekin. Eta hark haria hautsiko balu? Magaletik abiatuta mendi gainera inurri bidea ari gara egiten. Harri koskorrak atzemanen ditugu bidaian. Nahiago dugu zu inurri gisa irudikatu.
Eta harilkoa amaitzen bada? Ganbaran gordeta ditugun artilezkoak baliatuko ditugu hutsuneak beteko dituzten hariak zaharberritzeko. Eta sarea osatuz eta osatuz segituko dugu.
Ulergarria da mesfidantzak, zalantzak eta beldurrak izaitea. Zorabioak ez luke gehiegi iraun behar. Itsasaldia abiatu da, ez erlojuaren aurkako borroka.
Portutik portura igaroko da belaontzia eta hondartza ezberdinetako jendearen ahotsek osatuko dute bitakora kaiera. Bestela ez litzateke bidaia izango, lehen haizeteak trabatzeko moduko txangoa baizik.
Lasaitasuna, kemena, gardentasuna, borroka grina... Herritarren aurpegia ispilu duten egitasmoek soilik erreusitzeko aukera dute. Berdintasunean oinarritutako bakea, herria amets, ari dira. Emeki-emeki, batak besteari eskua eman dio. Eta gaur ez bada, bihar izan dadin, zurekin aritzeko prest dira; eta bihar goizegi bada, harentzat, etzi edo etzidamu hurbildu dadila.
Guztiona den geroaz jabetzeko, denok dugu emateko zerbait. Horregatik Ari Gara.