GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Atez ate, atera atera

EITBko produktuetan gehien zabaltzen dagoena soinu gozoko txistuez osatutako doinua da. Euskaldunak diren latitudeetatik, Himalaiako base-eremuetan balitz ere, monarka agertzean ohiko bihurtu diren txistuen doinua. Afganistanen uniformeak baino ohikoagoa. Herri txistularia gero gurea! Batzuetan txistuka dagoela eskuan danbolina duena. EITB iragartzen dagoen doinua zuzenean da grabatua, BECen grabatu ere. Eskubaloi partida baten ostean, marrazainaren txilibituak bere azkena jo eta segituan hasi zen txistualdia gizentzen harmailetatik barrena, kantxatik hasi eta palkoraino. Baina erregea ez da jada lehen zena, eskumako eskuaren hatz luze tentetua erakusteko gaitasuna galdua du, ardura politikoaren zamaren ondorioa, seguruenik. Lehengoan, txistu-kontzertuaren erdian, apenas entzun zitzaion zer edo zer esaten, zezel... ¿por qué no os calláis...? edo antzekorik. Zerikusirik ez Center berean abenduaren erdian izan zen bertso-partidarekin. Ordukoan txisturik batere ez, denak ziren txaloak, poto egin arteko txalo-zaparradak. Baina, egia esanda, onartu behar da lehengoan monarkaren aurrean dena ez zela txistua izan, txalorik ere entzun baitzen; txistua egiten ez zekien jendearenak ziren, txistuka zeudenei goxo-goxo zuzenduak. Tira! haxe txistualdia! han izan zen Zimbaweko lagun misiolari bat biharamunean etorri zitzaidan ea hura beheko Estatuaren himnoa zen galdezka. Bai, ba. Ni zaletua ez izan arren, hurrengoan banoa BECera, baina ez, ikusle ez, entzule baino ez.

Aurrekoan zitzaidan gertatu, hiri erdiko kafetegi batean txakolina edaten nengoela. Derrepentean hara non txistu-doinu ozena zabaldu zen inguruan. Beste mahai bateko baten mugikorra zen! Demontre! Kontua da ordurako dozenaka pertsona atereak zirela arin batean kalera, txistuka eta ukabila burutik gora zeukatela. Baina ez, monarka ez zebilen handik gertu, tranpa-txistua baino ez zen izan. Gainera, ez ote daki jendeak hiri erdian ez direla urtegi-presak eraikitzen? Beraz, inauguratzen ere ez. Momentuz behintzat, zeren, Bizkaiko diputatu nagusiaren ameskeriak ikusita, kapaz den hori urtegi bat ezartzeko Guggenheim ondoan, Itoizen prolongación en discontinuidad dela argudio hartuta. Amen. Tira, harira, neurtu dezala EITBk gabonetako diskurtsoaren audientzia, dezibeliotan, etxez etxe. Eta bitartean zaborra atez ate, atera atera. Horixe gaurkoz aterabidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo