KAZETA.INFO Aitor Renteria 2010/2/21
Keriatik Tasunera
Euskarak karga etiko handia atxikitzen du bere atzizkietan. Txar guztiak keriaren sakuan biltzen ditu eta onak tasunaren baratzean. Batetetik garbitasuna, zintzotasuna, kristautasuna eta askatasuna agertzen badira, bertze aldean zikinkeria, sorginkeria, sineskeria eta indarkeria agertzen diren ber. Horren berizketa zorrotza egitea zaila bada gehienetan, errepikapenak onilaren bidean murgiltzen ditu gogoak.
Hedabideek etengabeko burrunban bazkatzen gaituzte haiek edukin ideologikoak irensteraino ohituraren indarrez. Denboraren distantziatik, aldiz, gauzak ez dira horren uhargi. Horren gaiztoak ote ziren sorginak ukendo eta belarren erabilpena behar zuten herritarrentzat? (...)
Eta indarra, noiz da ona eta noiz txarra? Bortxakeria edo indarkeria aipatzen delarik Euskal Herrian, alde batekoa baino ez da aipatzen. Hiztegi hori darabiltenek, ordea, ez dukete hitz hori baliatuko gaur egun Gerry Adams, Nelson Mandela, Arafat edo garai bateko Golda Meirren kasuan. Bigarren munduko gerran nazien kontra altxatu ziren erresistentziako kideak terroristak ziren egun batean eta lau urte beranduago askatzaileak. Noiz eta zergatik eransten dira orduan atzizkiak? Denborak eta ikuspegiak badute horretan garrantzia, indarrean dagoen ideologiak jorratzen dituelako hiztegiak. Hala ere, keriatik tasunerako jauzia edo ibilbidea haizu dela erakusten digu hizkuntzak berak.
Euskal Herriak luzez pairatu du sufrimendua askatasunaren eta burujabetzaren bidean. Hainbat sufrikario, non batzuek keriaren leizean ehortzi nahi duten betirako euskal sena. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun gutariko bakoitzak ondoko esaldia: euskaldunok bat eginen bagenu...
Hitza mamitzeko eta gogo hori partekatzeko urratsa abian dago. Nahi duenak aukera garbia ukanen du norabidearen parte bat egiteko, edo ibilbide guztia, oso osoan. Konfiantzaren eta errespetuaren zumeak ehundu etorkizunerako zubia osatzeko. Argiki zehaztu baita zubiaren bertze aldean autordeterminazio eskubidearen gauzapena egonen dela. (...)