Jose Luis Elkoro Preso politikoa eta Bergarako alkate ohia
Atea beti itxita dagoen toki honetatik, ni ere atez atekoaren alde
Norbaitek pentsa lezake Espainiako zoko honetan naukatelako Euskal Herritik urrun sentitzen naizela. Ba oker dago. Bergara eta Elgeta nirekin daramatzat, hementxe ditut. Ziegan, baina nirekin.
Garai bateko udalgintzaz pentsatzen ari nintzela -badakizue hemen pentsatzeko astia behintzat badugula- egunkaria zabaldu eta Usurbilgo Udalak borobildu duen atez ateko bilketarekin egin dut topo. Ez dakit konturatu zareten usurbildarrak, baina iraultza egin duzue. Udal mailako iraultza da lortu duzuena.
Eta inbidia sentitu dut. Herrian jo eta su lanean aritu nintzenean askotan alkate batek konpondu ezin zituen arazoei aurre egin behar izaten nien eta atsekabe handia sentitzen nuen. Nahi eta ezin. Usurbilgo herritarrek, ordea, lezio ederra eman duzue. Baliabide gutxirekin udal batek bertako arazo handi bati, ausart eta kementsu, eutsi dio eta ia hondakin guztiak birziklatzen dituzue. Iraultza, esan bezala.
Beti defenditu izan dut hitzak eta erabakiak herriarenak izan behar dutela. Usurbilen horixe egitera zoazte gainera. Handi-mandiek hitzetik hortzera erabiltzen dituzte herritarren parte hartzea eta horrelakoak, baina itxurakeria besterik ez da. Usurbilen ez. Palentziako ziega honetan nagoela, Usurbilgo albisteak eguna alaitu dit, poz-pozik jarri nau. Ni ere, aukera banu, atez atekoaren alde bozkatzera joango nintzateke igandean. Baina ezin dut. Batez ere, usurbildarra ez naizelako.
Baina garaipena zuekin ospatuko dut. Jakin dut martxoaren 14an ospatuko duzuela jairen bat. Nik ere ospatuko dut. Zuen garaipena eta jaio nintzeneko 75. urteurrena. Eta opari politena litzateke Bergaran ere atez atekoa jarriko dugula jakitea. Beraz, badakizue lagunok, denbora pixka bat emango dizuet dena antola dezazuen. Laster arte.