MAITE EZKURRA eta AMAIA DOMEÑO EAE/ANVko Burlatako hautetsiak
Haur-eskola publiko eta euskaldunaren alde
Burlatako haur-eskolaren eraikina eraikitzen bukatu eta gero, datorren ikasturterako matrikulazio garaia iritsi da 0-3 urte bitarteko haurrentzat. Ikasturte honetan zabalik behar zuen dagoeneko, baina bai aurreko gobernu-taldeak (PSOE-NaBai-IU) bai oraingoak (PSOE-CDN) erakutsi duten eraginkortasun ezagatik itxirik darrai. Bere garaian zinegotzi abertzaleok salatu genuen bezala, 2009ko aurrekontuetan hala ekipamendu nola langileriaren soldatak ordaintzeko aurreikuspen faltak, are gehiago atzeratu du zentro berriaren irekiera.
Hala ere, pozten gara, nola ez, azkenean zerbitzu berri bat izango dugulako gure herrian. Baina, hasierako pozetik kezka sakona piztu zaigu, PSOEk haur-eskola martxan jartzean hartu duen eskuineranzko joeragatik: eskolaren kudeaketa pribatua izango da, eta honek, zalantzarik gabe, ondorio ezkorrak ekarriko ditu zerbitzuaren kalitatean. Berriz ere guztion eskubidea izan beharko lukeen gure txikienen hezkuntzarekin «negozioa» egingo dute. Hau guztia langileen egonkortasun eza eta prekarietateari esker izango da, zalantzarik gabe, zerbitzu okerragoa eta kalitate urriagoko hezkuntza eraginez. Azken finean, bai langileak bai erabiltzaileak izango baitira kaltetuenak.
Udal-langileak kontratatzeko prozesua egiteko, Udala denboraz larri dabilela erabili dute aitzakia gisa. Non zegoen presa hau orain arte? Gainera, modu honetan zerbitzua merkeago izango dela aldarrikatzen dute. Herritarren eskubideekin zeken izatea, batere progresista ez izateaz gain, Burlatarentzat bai hezkuntza bai gizarte inbertsio oso zatarra da.
Azkenik, eskolaren hizkuntza ereduari buruzko kezka adierazi nahi dugu. Espero dugu zentroa elebiduna izatea, euskal eta gaztelera lerro bereiztuak eskainiko direlarik, proiektuan aurreikusten zen bezala. Burlatan eredu honen beharra gehiengoaren aldarrikapena bihurtu da. Hamarkada honetan hainbat familiak beren haurrak haurtzaindegi eta eskola pribatuetara edo Burlatatik kanpoko euskarazko publikoetara bidali behar izanak, Udalari jarrera arduratsua eskatzen dio, haur-eskola euskalduna bermatzea, alegia. Gure hizkuntzaren berreskuratze, mantentze eta normalizazioa haurtzarotik norbereganatzeko bitarteko egokiak ezartzen badira soilik lortu ahalko da. Gure herritarrei dagokien eskubide hau bermatzea Udalaren agintea dutenen arduretako bat da.