KRONIKA Hondakinen kudeaketa erabakitzen
Konponbidea beren eskuetan izanda, usurbildarrek ez zuten hutsik egin
Etorkizuna zer nolakoa nahi duten erabakitzeko ahalmena dute usurbildarrek. Atzo eta gaur artean, herritarrek beraiek dute zabor bilketari konponbidea emateko giltza eta ondo baino hobeto aprobetxatu dute aukera.
Oihana LLORENTE
Boza eman zuten herritarren kopurua jakinarazi ez zuten arren, pozarren agertu zen Usurbilgo Udala hiri hondakinen kudeaketari buruzko herri galdeketan herritarrek izandako jokaerarekin.
Arratsalderako iragarrita zegoen haizetearengatik akaso edo beren iritzia plazaratzeko irrikaz zirelako, usurbildar andana hurbildu zen hautestontzietara horiek ireki bezain pronto. GARA 11.30ean hurbildu zen Sutegi kultur etxera eta bertako mahaietan lanean ziren herritarrak harriturik zeuden jendeak emandako erantzunarekin. «Ireki dugunetik minutuko pertsona batek baino gehiagok eman du botoa», adierazi zuten.
Adineko pertsonak, haurrak besoetan zituzten gurasoak, gazteak... mota guztietako herritarrak ikus zitezkeen atzo goizean boto-txartela eskuan bozkatzeko zain. Kabinetan ordea, ez zen ilararik sortu, usurbildarrek zeren alde egin argi zuten seinale.
Hauteskunde giro bete-betea sumatzen da egunotan herriko karriketan. Herrira sartu eta berehala, despistaturik dauden herritarrei bozkarako hitzordua gogorarazten die Atez Ate Dudipe! herri bilguneak jarritako panel informatiboak. Hura ez ikustea zaila den arren, beste hamaika txokotan ikus daitezke atez ateko bilketaren aldeko pankarta eta kolore orotako kartelak.
Komunikazioaz haratago ere, usurbildarrek lan handia egiten ari dira herri galdeketa hau errealitate bilakatzeko. Izan ere, Agiñan, Santuenean, Zubietan eta Kalezaharren mahai bana eta Kaskuan beste bi daude herritarrek 10.00etatik 20.00etara beren hautua egin dezaten. Hautestontzi bakoitzeko gainera, mahaiburua eta bi bokal daude etengabe lanean, boto-emaileen datuak bildu eta hautesleen erroldan egiaztatzen.
Hamar ordu mahai baten bueltan igarotzea inoren gustuko ez denez, postu hauek betetzeko boluntarioak eskatu zituen Udalak eta 25 lagun inguruk aurkeztu zuten beren burua. Herritarrek erakutsitako elkartasuna dela-eta, gutxi dira beharturik mahaian eserita direnak.
«Zein bilketa mota nahi duzu Usurbilerako?». Horixe da atzo eta gaur artean usurbildarrek erantzun behar duten galdera eta hiru erantzunen artean aukeratzen ari dira: duela urtebete ingurutik Usurbilen indarrean duten atez atekoa; orain arte herri gehienetan erabiltzen den sistema-lau edukiontziena-; edo orain arteko edukiontziez gain, organikoarentzat beste bat galdegiten duena.
Garaile aterako den aukera zein den ezagutzeko gaur gauera arte itxaron beharko da, hautestontziak itxi eta bozak zenbatu arte. Emaitza bata ala bestea izan, ordea, herri galdeketak izan duen arrakasta ikusita Usurbilgo herritarrak dira dagoeneko garaile atera direnak.