Goi tentsioko linearen aurka indarrak batu beharra dagoela ohartarazi dute
Urtarrileko herri galdeketak eta Kongresu espainolak onartutako goi tentsioko linearen kontrako ekimenak «jendartearen oposizioa» adierazten dutela baieztatu du Autopista Elektrikorik Ez! plataformak.
Zuriñe ETXEBERRIA | GASTEIZ
Goi tentsioko linea gauzatuko balitz, kaltetuko lituzkeen Arabako eta Nafarroako 24 bat herrietan proiektu honen inguruko galdeketa izan zen. Erroldatutakoen erdiak baino gehiagok hartu zuen parte kontsultan eta, emaitzei dagokienez, %98k ezezkoa eman zion Espainiako Sare Elektrikoa (REE) enpresaren asmoari.
Aste honetan, asteartean, hain zuzen, Madrilgo Diputatuen Kongresuak Alderdi Popularrak aurkeztutako legez besteko proposamena onartu zuen. Aurkeztutako ekimenean, goi tentsioko linea Arabako Mendialdean eta Lizarraldean barrena eraikiz gero, ingurunean izango lituzkeen ondorio kaltegarriei erreparatu zieten. Bide batez, EAJren botoekin aurrera ateratako proposamen horrek goi tentsioko linearen proiektua N-1 errepidearen korridorera eta Sakana aldera eramatea proposatzen zuen.
Sare elektriko horren aurkako Autopista Elektrikorik Ez! plataformak atzo adierazi zuenez, urtarrileko galdeketak eta Kongresuak onartutako proposamenak «jendartearen oposizioa» islatzen dute.
Horrez gain, Kongresuan proposamena onartuta politikariek gaiaren inguruan «eskuak garbitu besterik ez dutela egin» baieztatu zuen plataformak. Izan ere, «guk dakigun bezala, beraiek ere badakite legez besteko proposamen batek ez duela pisurik».
Alde horretatik, Autopista Elektrikorik Ez! plataformaren izenean Alberto Friasek ohartarazi zuen Espainiako Sare Elektrikoak (REE) ez duela kontuan izango Madrilen onartu den proposamena. «Onartzen du Kongresuan aurrera atera zela, baina ez dute kontuan hartuko», argitu zuen Friasek. REE enpresak urte hauetan izandako jarrera «despotismo ilustratuarekin aldera daiteke, dena herriarentzat, baina herriari kasurik egin gabe», kritikatu zuten.
«Ez da beharrezkoa»
Bestalde, sare elektriko honen inguruan dagoen informazio ezari erreparatu zioten. Horregatik, martxoaren erdialderako jardunaldi informatiboak antolatuko ditu Autopista Elektrikorik Ez! plataformak. «Informazioa gizartearen eskura jartzea» izango da helburua. `400 kw, 400' lelopean burutuko dira jardunaldiak Iruñean eta Gasteizen. 400 minutuan, proiektuaren nondik norako guztiak azalduko dituzte, panel informatiboak eta bideoak izango dira euskarri nagusiak.
Horrez gain, N-1 errepideko korridorearen inguruko eta Sakana aldeko herrietako alkateekin bilera egingo dute datozen egunetan. Izan ere, «indarra batzearen garrantziaz» ere ohartarazi zuten.
Azkenik, sare elektriko honen aurkako plataformak argi utzi nahi izan zuen hemendik aurrea proiektuaren beraren kontra dauden elkarteekin bakarrik lan egingo dutela. Hau da, ez dute norbere zonaldea soilik defendatzen duten elkarte edota instituzioekin lan egingo.
Martxoaren erdialderako jardunaldi informatiboak antolatuko ditu plataformak Iruñean eta Gasteizen «informazioa gizartearen eskura jartzeko».
Plataformaren esanetan, Espainiako Sare Elektrikoak ez du kontuan hartuko Madrilgo Kongresuan onartutako proposamena eta jarrera hori «despotismo ilustratuaren» parekotzat jo zuten.