Euskal derbia Bizkaia Arenan
Ez da giro izango partida galtzen duen taldean
Domen Lorbek esloveniarrak debuta egingo du Barakaldon. Ikusi egin behar bi asteko etenak kalterik egin dion Lasoren taldeari. Bilbao Basketek garaipena eskuratzeaz gain, puntu aldea alde izatea bilatuko du.
Arnaitz GORRITI
Ez da giro izango gaur eguerdiko derbian! Irabazleak ez du bere helburua, salbazioa alegia, inondik inora ziurtatuko, baina galtzailearen larrutik oso, oso urrun geratuko da. Izan ere, galtzen duen taldeak aste oso luzea biziko du. Liga erregularra azken txanpara iristear da eta, sekula baino gehiago, garaipenek urrearen balioa dute.
«Egoera estu honetatik ateratzen lagunduko liguke garaipenak», adierazi zuen Marko Banicek. «Neurketa honek, liga amaitu arteko norgehiagokei begira, bidea markatu behar digu. Ezinbestekoa da guretzat derbi honetan gailentzea», berretsi zuen kroaziarrak.
Oro har, Bizkaia Bilbao Basketeko jokalari eta entrenatzaileak zale bizkaitarren laguntza eskatu du gaur eguerdirako. «Derbi bat jokatzea beti da polita; are politagoa irabaztea. Gure zaleek laguntzen bagaituzte, askoz errazagoa izango da. Badakit gainera asko eta asko etorriko direla, behar ditugula ongi baitakite», onartu zuen Banicek.
Fotis Katsikaris entrenatzaileak ere «irabazteko zaleen esfortzua behar-beharrezkoa» dela nabarmendu zuen. «Falta diren 12 finalei begira, beren laguntza ezinbestekoa izango da».
Bestalde, 200 lagun inguruk gipuzkoarren «marea urdina» eramango dute Bizkaia Arenara. Albert Mirallesek esandakoaren arabera, «guretzat oso garrantzitsua da zaleak gurekin daudela jakitea. Ez da erraza batetik bestera, taldea joaten den leku guztietara joatea, eta hori horrela, asko eskertzen dugu egiten duten ahalegina».
Puntu aldea
Uneotan talde gipuzkoarrak bere aurkariak baino garaipen bat gehiago dauka. Horrez gain, aurreneko itzulian Lasorenak 84-78 nagusitu ziren Bizkaia Bilbao Basketen aurka. Hala, irabaztea ez da nahikoa bilbotarrentzat garaipen kopuru bera izanez gero, donostiarren aurretik amaitzeko. Gutxienez zazpi puntuko aldea beharko lukete.
Alabaina, kontu horri buruz ez du deus jakin gura Katsikarisek. Entrenatzaile greziarraren aburuz, «aldeari buruz pentsatzen hasten bagara, akabo! Garrantzia duen gauza bakarra irabaztea da, puntu bakarraren aldeaz bada ere».
Gaurko derbian Domen Lorbekek debuta egingo du, baina beste jokalari batzuk daude bizkaitarren buruan. «Panko urte itzela egiten ari da: asko saskiratuz, erreboteak hartuz... baina Barbour eta Doblasekin ere kontuz ibili beharko dugu», aipatu zuten Banicek eta Katsikarisek.
GRAN CANARIa-BASKONIA
Zenbait osasun arazo izan arren, derbia jokatzeko moduan izango da Domen Lorbek. Esloveniako jokalariari buruz galdeturik, Pablo Laso oso pozik azaldu zen «bere egokiera onagatik». «Badirudi gurekin denbora luzean dabilen jokalaria dela», bota zuen.
«Oso arin moldatu da. Taldean denbora dezente daramala dirudi. Hona etortzeko aukera aipatu ziotenean, jokalariak ezagutzeaz gain, zenbait jokaldi ere bazekizkiela erakutsi zuen -Cajasolen zegoela, talde donostiarraren aurka jokatu zuen aurreneko itzulian-. Gauza askotan lagunduko digula uste dut. Alde batetik, defentsan jokalari ona da eta, bestetik, kanpoko jaurtiketa hobea emango digu», esan zuen Lasok.
A. G,