Kakiturri Ehari eta Aiara Lautada izan dira Arabako bertso saioetako irabazleak
GARA | GASTEIZ
Gasteizko Aizkora tabernan, Aizkorak Zorroztu eta Kakiturri Ehari taldeak lehiatu ziren, hirikoak bertakoak biak. Bigarren taldeak irabazi zuen, Felipe Zelaieta, Juan Mari Juaristi eta Gaizka Urtaran bertsolariek osatutako hirukoteak. Aizkorak Zorroztun, berriz, Irati Anda, Ruben Sanchez eta Ander Sorozabal aritu ziren. Azken hauek antolatu zuten saioa, etxean jokatzen zuten nolabait.
Saioa hasi baino lehen, bertso-sorta lehiaketa egin zuten eta Gasteizko talde batek parte hartu zuen bertan, Bertso Gurasoak taldeak. Idatzitako bertsoak kantatu zituzten horiek. 36 lagun elkartu ziren. Bestalde, Aiara Lautadako Sorginetxe taldeak eta Errioxako taldeak neurtu zituzten indarrak, Zalduondoko Zeledon Txiki elkartean, eta lehenengoa izan zen garaile. Saio honen aurretik, bertso-sorta txapelketan, hiru taldek kantatu zuten, Lautadakoak denak: Aniturri Taldea, Zalduondoko Gazteak eta Aguraingo Bertso Eskolako Gurasoak. Azken hauek irabazi zuten. Txapelketako antolatzaileetako batek, Asier Lafuentek, azaldu zuenez, 60 lagun elkartu ziren Zeledon Txikin, oso giro beroan. Gaiak ere lotuta zeuden atzoko haizearekin: haize erroten ingurukoak ziren, oso aproposak. Oso jende gazteak kantatu zuen: Errioxako Taldean bi bertsolari gazte-gazte aritu ziren lehenbiziko aldiz jendaurrean eta primeran ibili ziren, ausart. Lautadako Taldean ere bost gazte aritu ziren Oihane Perearekin batera eta oso ondo ibili ziren hauek ere. Gaiak eta ariketak bertsolari berriotara egokituta zeuden: oinak edo bukaerak idatzita eman zizkieten, kopletan aritu ziren... Ariketa hauetan aritu ziren bertso eskoletako gazteak eta oso ondo moldatu ziren.
Nafarroan, Legarreta garaile
Nafarroako Txapelketan, lepo bete zen Iruritako Gizarte Bilgunea, 200 bat bertsozale elkartu ziren Baztango herrian. Saioa irregularra izan zen, nahiko urduri kantatu zuten bertsolariek, eta hori puntuazioan islatu zen: Xabier Legarretak irabazi zuen, 404,5 punturekin. Ongi kantatu zuen, ziur, eta bertso osoak eta politak josi zituen. Julen Zelaieta gelditu zen bigarren, 385,5 punturekin; Iņaki Aleman hirugarren, 375 punturekin, eta iruritarra denez, berak jaso zituen txalo gehien. Iņigo Olaetxeak 368 puntu bildu zituen eta beti finalista izandakoak nahiko zail izanen du aurten txartela lortzea. Migel Mari Elosegi Luze-k 359,5 puntu lortu zituen eta Iņigo Ibarrak 331. Poto batzuk egin zituzten bertsolariek eta epaileek dezente zigortu zituzten horregatik.