Gernika, Hiroshima eta nagasaki, oinazeak elkarrengana bilduak
Hiroshima eta Nagasaki dira historian bonba atomiko baten leherketa jaso duten hiri bakarrak -1945eko abuztuaren 6an eta 9an, Bigarren Mundu Gerran-, eta Gernika zibilen aurkako bonbardaketa jaso zuen lehena -1937ko apirilaren 26an, 36ko Gerran-. Orain, bakearen omenezko museoen bidez -bakoitzak bana du- harreman estua dute, eta elkarri jasotakoaren berri ematen diote aldian-aldian.
Anartz BILBAO
Gernikako Bakearen Museoan, erakusketa baten bidez, 2007an ere erakutsi zuten Hiroshima eta Nagasakin jazotako hondamendia, AEBetako Armadak H bonbak bertan leherrarazi zituztenean. Harrezkero, zorionez, ez da berriro sekula horren armamentu suntsigarririk erabili -armategi batzuk ondo hornituta dirauten arren-; baina Japonian gertatutakoa ahaztea ez da komeni. Horregatik, Bakearen Museo gehien dituen herrialdeak erakusketa ibiltariak antolatzen ditu munduan zehar, indar nuklearraren arriskuak erakutsi eta Hiroshima eta Nagasaki gertutik ezagut ditzagun.
Iratxe Momoitio Astorkiak, Gernikako Bakearen Museoko zuzendariak, ondo gogoan du orain bi urte museoko hormetan eskegi zuten erakusketa, azalpenak agertzen dituzten panelak eta hondamenditik jasotako objektuez gain, Sakue Shimohira izan baitzuten Gernikan. «Nagasakiko lekuko zuzena genuen Shimohira, eta oso hunkigarria egin zitzaigun bere ahotsetik jasotzea gertatutakoaren berri». Izan ere, jada joanak dira 45 urte Kyüshü eskualdeko hiriburuak historiako bigarren bonbardaketa atomikoa jasan zuenetik, eta lekuko zuzenak itzaltzen doazenez, gero eta gutxiago dira hondamendia begietan iltzatuta duten japoniarrak, eta «lekukoen garrantzia funtsezkoa da». Horregatik da garrantzitsua Hiroshimak eta Nagasakik jasandako hondamendia ez ahaztea -bertako Bake Museoen xedea-, «munduari bertan gertatutakoa ez dela sekula berriro jazo behar ohartarazteko».
Museoko zuzendariak, «erakusketa erreala da, baina oso gogorra» ohartarazten digu. «Balio handia du, izen batzuk buruan ditugun arren -Gernika, Hiroshima zein Nagasaki-, baina sarritan ez gara ohartzen izen horien atzean zer nolako kalamitateak eta bizipen pertsonalak izan ziren». Horregatik, «garrantzitsua da bakearen alde lan egitea» adierazi digu Momoitiok; «zoritxarrez hemendik gutxira Irakeko gatazkako irudiak agertzen dituen erakusketa egin beharko dugu», dio penaz.
Bigarren Mundu Gerran, 1945eko abuztuaren 6an jaurti zuten bonba Hiroshima gainera, eta egun milioitik gora biztanle dituen hirian 100.000 hildako eta 300.000 zauritutik gora utzi zituela kalkulatzen da, urte luzez pairatu dituzten -eta egun pairatzen dituzten- eraginak kontuan hartu gabe. Hiru egun geroago izan zen Nagasakiko eztanda -Fat Man deitu zuten bonba eta Hiroshimakoa baino suntsigarriagoa zen-. Egun 400.000tik gora biztanle dituen arren, garai hartan 250.000 inguru ziren Nagasakin. 75.000 bat-batean hil zirela kalkulatzen da, eta beste horrenbeste geroago, zaurien ondorioz. Eta oraindik ere, arazoak bertan diraute.
Apirilaren 25 eta 26an, Aste Santu bueltan, Nagasakiko artzapezpikua ere Gernikara etortzekoa omen da, Momoitiok argitu digunez, kristau talde batekin batera. Erlijioari dagokionez, hiri bitxia baita Nagasaki. «Mendeetan itsas-merkataritza hartu-eman handia izan zuten, batez ere Portugalekin, eta kristautasuna bertan ezarri zen Japonian -XVI. mende inguruan-». Eta leherketa atomikora bueltatuz, bonbak Japoniako kristauen bi heren hil zituela diote liburuek. «Katedrala ere bazuten -azaldu digu Momoitiok-, Hurakami katedrala, guztiz suntsitu zena».
Artzapezpiku japoniarrak, kristau taldearekin batera (2004ko datuen arabera, egun milioi erdi katoliko dira Japonian), Nagasakiko Ama Birjina ere ekarriko omen du Gernikara. «Erdi suntsitutako Ama Birjina bi bider bakarrik atera dute Japoniatik, eta Gernikan izango da, bonbardaketaren urteurreneko ospakizunetan parte hartzeko».
Kristau kontuekin bukatzeko, eta bitxikeria modura, XVI. mende amaieran, Nagasakin hogeita sei martiri katoliko gurutziltzatu zituztela ere aipatuko dugu, beasaindarra baitzen bata, San Martin Loinazkoa.
Nagasaki eta Hiroshima, Gernikarekin senidetuta ez baldin badaude ere -Alemaniako Pforzheim, AEBetako Boise eta Kataluniako Bergarekin dago senidetuta-, harreman estua dute 1937ko apirilaren 26an bonbardaketa jaso zuen herriarekin. Momoitiok gogorarazi digunez, batak zein besteak Bakearen Museoa omen dute, Gernikak bezala, eta Majors for Peace taldeko kide dira (bakearen aldeko alkateak). «Japonia da mundu mailan Bakearen Museo gehien dituen herria. 2005ean Gernikan izan zen mundu mailako Bake Museoen Kongresua, eta japoniar ugari izan genituen herrian». Eta ordainetan, 2008an, Japonian izan zen kongresua, «eta gonbidatu ninduten Hiroshima eta Nagasaki ezagutzera ere, eta hitzaldi bat eman nuen Tokion».
2007an Gernikan paratu erakusketari arreta jarri omen zioten japoniar komunikabideek, baina egun japoniarren presentzia ez da oso nabarmena Gernikako museoan, «astebetez Europa osoa zeharkatzeko joera dute-eta», baina azkenaldian, tour operadore batzuk paketean Bilboko Guggenheim bisitatzea ere eskaintzen dutela-eta, «gero eta gehiago dira» Gernikara hurbiltzen direnak.
«Atzerritar askok Gernika esan eta Picassoren artelana baino ez dute ezagutzen, eta japoniarrek aldiz, horretaz gain, badakite non dagoen Gernika hiria eta zer jazo zen bertan», gaineratu digu Momoitiok.
Gernikako Bakearen Museoa -www.museodelapaz.org du webgunea- Gernika Museoa izan zen hastapenetan. 1998ko apirilaren 7an sortu zen, eta herriak jasandako bonbardaketa eta 36ko Gerra ditu ardatz nagusiak erakusketetan. Helburuei dagokienez, «bake kulturaren oinarrizko ideiak lantzea» du xede. Nazioarteko Bake Museo sarearen partaide ere bada (ikus zerrenda osoa www.museumforpeace.org helbidean).
«Hiroshima eta Nagasaki» erakusketa ekainaren 13a bitarte ikusgai izango da Gernikan (asteartetik larunbatera 10.00-14.00 /16.00-19.00 ordutegian, eta igandeetan, berriz, 10.00etatik 14.00etara) -ekainaren 18tik aurrera, «Guatemala, guztiek jakin dezaten» erakusketak hartuko dio txanda-.
Museoko erakusketa iraunkorra bisitatzeko sarrera 4 eurokoa bada ere (murriztuak 2 euro baino ez ditu balio), erakusketa iraungarri guztiak legez, Japoniako hiriei dagokiona doakoa da, berau baino ikusi nahi ez baldin bada.
Erakusketa ez da berria museoan, bigarrenez dago Gernikan, 2007an bertan izan ostean. Japoniako Gobernuarentzat garrantzitsua da oso Hiroshiman eta Nagasakin zer gertatu zen mundu osoan ezagutaraztea. Gainera, energia nuklearraren kontrako kanpainan jasotzen dute. Erakusketa ibiltaria dugu, eta urtero atzerrira ateratzen dute japoniarrek. Erakusketa aurrenekoz Bakearen Museoan paratu zutenean, objektu batzuk ere ekarri zituzten Gernikara bertaratu ziren Nagasakiko Bakearen Museoko zuzendari-ordeak eta Sakue Shimohira lekukoak.
2007a bonbardaketaren 70. urteurrena zuten Gernikan, eta Nagasaki eta Hiroshimakoaz gain, Picassoren zirriborro lanen erakusketa bat ere bazutenez, azken honek zokoratu egin zuen japoniar erakusketa, nahiz eta bisitari asko izan. Horregatik, aurten erakusketa berriro eskatu -antza, hala erregutu die jende askok- eta ekainaren 13a arte ikusgai izango da, beste behin, Bakearen Museoan -Nagasakiko artzapezpikua Aste Santuan Gernikara etortzekoa dela aprobetxatuta-.
Gernikan izan ostean -urtero atzerriko museo batean paratu ohi dute-, Herbeheretan izango du erakusketak bigarren geltokia, bertan izango baita ikusgai udatik aitzina.
Erakusketak hiru atal ditu. Lehenengoak bonba atomikoa eta energia nuklearra zer diren eta nola sortzen diren azaltzen du. Bigarren atalean Hiroshima eta Nagasaki erasoaren aurretik nolakoak ziren erakusten du, baita zorigaiztoko egun horretan jazotakoa eta leherketaren eragina ere -zenbat hil ziren edo erreta gelditu egunean bertan, edo luzarora sortu zituen minbizi arazoak...-. Bukatzeko, azken atalak, beti ere lau hizkuntzatan dauden panelen bitartez -gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta euskaraz- gaur egungo Nagasaki eta Hiroshimaren berri eta bertako Bake Museoen berri ere ematen du. A. B.