GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT eta Ipar Euskal Herriko erakundetzea, kanpainan nagusi

Eskualdeko hauteskunde kanpainan estatu-kutsuko gaiak gailentzen ari dira. Inkesten arabera, sozialistek ez lukete aurreikusten zitzaien besteko galera jasango hautesleek Sarkozyri emango dioten «zigor-bozari» esker. Ipar Euskal Herrian, halere, badira emaitzetan eragin handia izango duten beste bi gai: Lapurdiko AHTren burdinbidearen proiektua eta hiru lurraldeen aitortze instituzionala.
p021_f02_97x172.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Eskualde edo Erregioetako Kontseiluak berritzeko hauteskunde kanpaina abiatu zen atzo. Alta, alderdi gehienek ez dute irekiera ofiziala itxaron, ahalik eta boz gehien eskuratzeko zereginei heltzeko. Bai Estatuan, bai Ipar Euskal Herrian, aspalditik dabiltza kanpaina lanetan murgilduta.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako boto-emaileek, Akitanian aurkeztu diren hamaika zerrenden aukera izango dute, baina, gainerako lurraldeekin alderatuta, kanpaina desberdina izango da. Bi gai nagusitu dira aurrekanpainako eztabaida politikoan -AHT burdinbide berriaren proiektua eta Ipar Euskal Herrirako aitortze instituzionalaren eskaera- eta, zalantzarik gabe, eragin handia izango dute emaitzetan.

Inkestek asmatzen badute, Alain Rousset (PS) irabazle suertatuko litzateke lehen itzulian, baina, hori bai, hirugarrengoz Akitaniako Kontseilua gidatzeko, aliantzak egin beharko lituzke. Eta hor, Ipar Euskal Herrian pil-pilean dagoen AHTren gaiak kontraesan bat baino gehiago sortuko du, batik bat, Europe Ecologie Aquitaineko hautagaitzari.

Hautagaiak erregioaren arazo eta premietan zentratzen saiatzen badira ere, zailtasun handiak dituzte beren mezuak helarazteko. Izan ere, 2004an gertatu moduan, orain ere estatu-kutsua gailentzen ari da nabarmen, eta Gobernuan dagoen alderdiaren eta oposizioaren arteko norgehiagoka bilakatzen ari da kanpaina.

Zigor-botoaren indarra

Alde batetik, Eskualdeko Kontseilua erakunde ezezaguna da herritarrentzat. Gehiengo zabalak aitortzen du ez dakiela nor den bere erregioko presidentea, ezta zer eginkizun duen kontseilu horrek ere.

Bestetik, duela sei urte bezala, Sarkozy presidentearen eta gobernuaren politika «zigortzeko» parada eskainiko diete hauteskundeok herritarrei. Orduan Raffarinen gobernua egiten ari zen erreformen ondorioak ez zituela onartzen adierazi zuten argiki hautesleek eta, bi izan ezik (Korsika eta Altsazia), Estatuko erregio guztiak sozialisten esku geratu ziren.

Egun, antzeko zerbait gertatzen ari da. Sarkozyren erreforma andanari eta, batez ere, zerbitzu publikoan egiten ari den murrizpenei, krisiari aurre egiteko neurriak erantsi zaizkie azken hilabeteotan eta, litekeena da oso, martxoaren 14an eta 21ean «zehapen botoa» asko indartzea.

Hori dela eta, badirudi PSri aurreikusten zitzaion beherakada ez dela hain gaitza izango. Inkestek, bederen, hori diote oraingoz, baita Akitanian ere. Uste guztien aurka, gainera, Europe Ecologiek (EA barne duen zerrenda) ez lituzke Europako bozetan erdietsitako emaitza onak eskuratuko eta laugarren geratuko litzateke UMP eta Modemeko zentristen atzetik.

sozialistak

Azken urteotan barne- liskarrek PSren eragina higatu badute ere, Sarkozy «zigortzeko» botoari esker, ez dirudi beherakada hain nabarmena jasango duenik. Akitanian, Roussetek irabaziko luke lehen itzulian.

EKOLOGISTAK

Inkesten arabera, bozen %10ekin, Europe Ecologie 4. geratuko litzateke. Bigarren itzulirako PSrekin aliantza egitekotan, kontraesan handiei egin beharko die aurre, batez ere, Lapurdiko AHTren proiektuaren harira.

ABERTZALEAK

AB eta Batasuna EHBai koalizioan aurkeztu dira eta «protesta boza» eskatzen dute. EAJ-PNBk, Europakoetan erdietsitako emaitzak bultzatuta, Euskadi Europan zerrenda aurkeztu du. EA Europe Ecologien integratu da.

EHBairen ustez, Parisek ez ditu gutxiengoen eskubideak errespetatzen

Rene Cassin, 1948an Giza-Eskubideen Adierazpenaren idazlearen jaiotetxea hautatu zuen EHBaik Estatu frantsesak «gutxiengo nazionalen eskubideak» urratzen dituela adierazteko.

«Estatu frantsesaren jokamoldeak askatasun demokratikoen kontrakoak» direla nabarmendu zuen Xabi Larraldek. Jon Anzaren desagertzearekin, EHLGrekin, Bateraren kontsultarekin edota AHTren proiektuarekin gertatzen ari dena jarri zituen baieztapen horren lekuko.

Alabaina, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako egoera «jokamolde orokorragoan» kokatu zituen: «Parisek nazioarteko hainbat itun sinatu arren, ez ditu betetzen, esaterako, NBEko Eskubide Zibil eta Politikoen Ituna (1966). Testu horren 23. artikuluak, bereziki babesten ditu nazio- gutxiengoen izaera, kultura eta nortasuna ofizialki errespetatu behar direla. Aldiz, bistan da, ez duela sinatutakoa betetzen».

Hain zuzen, 2008ko uztailean, NBEren Giza-Eskubideen Batzordeak aipatu artikulua ez errespetatzeagatik «errieta» egin ziola gaineratu zuen, eta Human Rigths Watch GKEk afera horretaz berrikitan Gobernuari hitzordua eskatu diola jakinarazi zuen jarraian.

EHBaik bultzatzen duen «protesta boza» emateko «beste arrazoitzat» jo zuen Larraldek jokaera hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo