GARA > Idatzia > Kultura

Hileta oharra | Joxemiel Bidador

Idazle euskaldun nafarraren konpromisoa

GARA

Atzo eguerdian hil zen Joxemiel Bidador Altonaga euskal idazle eta ikertzailea, 40 urterekin, ostiralean jasandako burmuin isuri batek eragindako kalteen eraginez. Jaiotzez iruindarra, euskal filologoa zen, eta irakaslea. Ordu asko eman zituen artxiboetan, paper artean, Nafarroako idazle euskaldunen gaineko datuak eta lanak biltzen, baita zabaltzen ere. «Euskaldunon Egunkaria»ren «Nafarkaria» gehigarrian argitaratu zituen lan eskerga horren fruituak. Euskalerria Irratiko kolaboratzailea ere izan zen, hasiera batean Tuterako berriemaile lanetan, gero Nafarroako euskal idazleei buruz mintzatuz. Pamiela argitaletxeko kolaboratzailea zen, dantzari beteranoa eta Baternaingo alkatea, gainera.

Iruñeko Udalak egile berrientzako antolatzen dituen literatura lehiaketetan hirutan saritu zuten. Udalarekin argitaratu zituen liburuak, «Alexander Tapia Perurena, olerki-lanak»; «Jose Agerre Santesteban, gerra ondoko olerki-lanak» eta «Euskara Iruñeko kazetaritzan» (1930-1936), testu antologia izan ziren.

Gaztelaniaz argitaratu zuen liburu bakarra, Pamiela argitaletxearen eskutik, «Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra» izan zen. Horren harira, Nafarroako idazle euskaldunek manifestua ere sortu zuten: «Baziren, bagara».

 

HILETA OHARRA

Jaiotze data: 1970, Iruñea. > Kolaborazioak: «Euskaldunon Egunkaria», Euskalerria Irratia, Pamiela argitaletxea. > Argitaratutako lan batzuk: »Alexander Tapia Perurena, olerki-lanak»; «Jose Agerre Santesteban, gerra ondoko olerki-lanak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo