GARA > Idatzia > Kultura

Campos Eliseos antzokia prest, euskal presentzia nabarmenarekin

Abendurako irekitzea aurreikusita bazegoen ere, bost urteko eraberritze lanen ostean, martxoaren 11n zabalduko ditu ateak Bilboko Campos Eliseos antzokiak. SGAEk kudeatzen duen Arteria egitasmoaren barruan, musika, antzerkia zein dantza emanaldiak eskainiko ditu. Ekainera arteko programazioa aurkeztu zuten atzo, Euskal Herriko zein nazioarteko 45 ikuskizunekin. Kukai dantza taldea izango da taularatzen lehena, «(Sok)2» lanaren estreinaldiarekin.

p040_f01_97x120.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Aniztasuna izango da Bilboko Campos Eliseos antzokiaren ezaugarri nagusia, Ignacio Casado zuzendariaren hitzetan. Datorren ostegunean estreinatuko da azkenik SGAEk kudeatutako eraikin eraberritua eta bertan izango da Kukai dantza taldea. Dantzaldiaren barruan, «(SOK)2» lana aurkeztuko dute lehenengoz. «Soka» proiektuaren bigarren emaitza izango da honakoa, Jon Maiak eta Pantxika Telleriak prestatutakoa. Soka dantza oinarri hartuta, zazpi dantzari eta hiru musikari izango dira taula gainean. Hala ere, ostegunean, inaugurazio jaian, zati bat baino ez da aurkeztuko, ikuskizun osoa martxoaren 12an eskainiko dute.

Martxotik ekainera bitartean 45 ikuskizun programatu dituzte, horietatik hemeretzi musika arlokoak, hamahiru antzerki obra, lau dantza arlokoak eta, gainerakoak, enpresek antolatutako bestelako ekintzak. Bestalde, Bilboko Udalari urtean 35 egunetan antzokia uzteko konpromisoa dutenez, 700 Fundazioak Bilbao Jazz zikloko hainbat kontzertu bertan egingo ditu, baita Ars Sacrum musika erlijiosoarenak ere.

Gehiengoak, bertakoak

Datozen lau hilabete hauetan ugari izango dira Campos Eliseosetik pasako diren artista euskaldunak. Martxoaren 13an, Gaitzerdi antzerki taldeak «Decir lluvia y que llueva» eskainiko du. Apirilaren 2an eta 4an, Pikor teatroren txanda izango da «XL Town» lanarekin. 8an, Nexo Teatrok «Las presidentas» eskainiko du euskaraz eta gaztelaniaz eta, 15ean, Hika Teatroren «Aitarekin bidaian» obra arrakastatsua izango da ikusgai. Ekainaren hasieran, «El club de las mujeres invisibles» taularatuko du Vaiven taldeak, lehenengo aldiz Bilbon. Biarritzeko balletak, berriz, bi obra ekarriko ditu antzoki honetara: «Carmen» eta «El amor brujo». Ekainaren 18an eta 19an izango da.

Musikari dagokionez, Benito Lertxundik «Itsas ulu zolia» deituriko kontzertu bakar bat eskainiko du hil honen 21ean.

Baina kanpotik datozenen artean ere badago zer aukeratua. Musikarien artean, Victor Manuel (martxoaren 19 eta 20an), Manuel Carrasco (maiatzaren 20an) eta Jorge Drexler-en (ekainaren 17an) kontzertuak izango dira. John Mayall, bluesman historikoak Estatu espainiarrean eskainiko dituen hiru kontzertuetako bat ere, bertan egingo du, maiatzaren 23an. Emanaldi honetarako, gainera, antzokiko besaulkiak kendu egingo dira. CocoRosie estatubatuarrak, berriz, ekainaren 2an etorriko dira.

«Grease» musikalaren «bertsio berri» batek beteko du antzokia apirilaren 23an hasi eta maiatzaren 2ra bitartean. Aipatzekoak, bestalde, maiatzeko lehenengo bi astetan egingo diren Suso Silvaren «El circo de los horrores» ikuskizunaren hamar emanaldi eta Brasilgo dantza garaikideko Corpo konpainiaren «Bach-Parabelo».

SAREA

SGAEren Arteria sarearen barruan arituko da Campos Eliseos antzokia. Emanaldi guztiak grabatu egingo dira eta, munduan zehar, sarearen barruan dauden beste antzokietan ikusi ahalko dira ikuskizunak, baita kanpokoak Bilbon ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo