«Gazte Eguna Parisi erantzuteko borroka guztien isla izango da»
Urritik hona, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako gazte-taldeen bira egiten aritu da, Segiko beste hainbat kiderekin batera. Guztira, 300 gazte baino gehiagorekin elkartu dira. Euskal Herriak pairatzen duen egoeraz diagnostikoa partekatu, harremanak egin eta alor anitzetan lanean eta borrokan dabiltzan gazteekin, etorkizunean Parisen «asimilazio politikari» aurre nola egin eztabaidatu dute.
Arantxa MANTEROLA
Ia sei hilabete eman dituzte Ipar Euskal Herrian, gazte talde eta kolektibo askotarikoekin topaketak egiten. Esperientzia horren emaitza onak ikusita, aurrerantzean ere harreman sarea sakontzea dute helburu Segi gazte antolakundeko kideek. Larunbaterako Gazte Eguna antolatu dute Makean.
Joan den urrian «Euskal Gazteria aitzina» ekimenaren baitan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hainbat herritan bira bat abiatu zenuten. Zein helbururekin?
Ipar Euskal Herriko hainbat gazterengana jo nahi genuen gaur egun Euskal Herri mailan pairatzen dugun egoeraz, eta bereziki, gazteriak dituen oztopo eta arazoei buruz eztabaidatzeko. Egoeraz mintzatu gara, testuinguru politikoa kokatuz, baita errepresioaz eta gazteen zenbait proiektu trabatzeko Estatu frantsesak baliatzen dituen tresnez ere. Hortik abiatuta, ideiak trukatu, eta bederen une zehatz batzuetan elkarrekin eman ditzakegun erantzun-motei buruz mintzatu gara.
Zein arlotako gazte kolektiboekin elkartu zarete? Soilik abertzaleekin?
Ez, ez, Ipar Euskal Herrian hainbat alor lan egiten duten gazteekin izan gara: gaztetxetan, EHZ festibalean, kulturan, kirolean, bertsogintzan, dantzan... Batez ere, talde dinamiketan edo egitura batean antolatutakoekin bildu gara, nahiz eta kasu konkretu batzuetan bakarka ere egon garen hainbatekin. Hilabeteotan 300dik gora gazterekin elkartu gara.
Nolako harrera jaso duzue?
Topaketak biziki ongi igaro dira. Motibazio handia antzeman dugu eta eztabaidak oso aberatsak izan dira. Egiazko trukaketa izan da. Ez da izan gu iritsi, gure irakurketa aurkeztu eta kitto. Zinezko elkarrizketa izan da. Gure ustez, harrera hori zerbait gertatzen ari dela ohartzen direlako ere izan da. Batez ere, iazko ekainean izandako sarekadan atxilotutako lau gazteen aferaren ostean, ikusi dugu badela kontzientzia hartze bat.
Zeintzuk izan dira haiek agertu dizkizueten kezka nagusiak?
Diagnostiko orokorrean nahikoa adostasun aurkitu dugu guk eta haiek egiten duten irakurketen artean, eta gure ustetan, eman daitezkeen erantzun batzuetan ere bai. Baina erantzunaren eremuan inpotentzia ere nabaritu dugu. Askok egoerak gainditzen dituela ikusten dute, baina ez dakite horri buelta nola eman.
Zuen diagnostikoa partekatzeaz gain, berau osatzeko ekarpenik egin al dizuete? Zeintzuk, esaterako?
Bai. Adibidez gaztetxeetan izan garelarik, gaztetxeen proiektua sustatzeko iaz sortutako kolektiboa indartzeko premiarekin bat etorri gara. Edo dantza-taldeekin elkartu garelarik, dantza kultura esparrutik bultzatzeko beharra ere agertu da. Izan ere, taldeak ohartzen dira Ipar Euskal Herrian dantza erabat folklorizatuta dagoela eta emankizunen %80 udan izaten direla, hau da, turistei begira.
Ikuspegi orokorragotik begiratuta, Segik egiten duen irakurketarekin, hots, Parisek Ipar Euskal Herrian daraman politikaren helburua «asimilazioa» lortzea dela, bat al datoz? Politika horrek egunerokotasunean dituen ondorioez jabetzen al dira?
Asimilazioaren helburua, hain zuzen, hori da: ohartu gabe, egunero, pixkanaka sartzea. Batzuk konturatzen dira, adibidez, hezkuntzan. Antolatuak izan edo ez, ikastoletan ikasi dutenak ohartzen dira historia frantsesa inposatzen digutela eta gure herrikoa oso gutxi ezagutzen dugula.
Horrelako gogoetak, halere, momentuan botatakoak dira, baina, gerora, hausnarketarako bidea ematen dute. Preseski, hori ere bada egin dugun biraren beste helburuetako bat.
Mobilizatzera dei egiten duzuenean, askok uste du bakarrik karrikako manifestazioez ari zaretela...
Bai, egia da batzuetan aurreiritzi hori badela. Baina horrela ez dela agertzeko ere balio izan dute topaketa hauek. Guk ere alor ezberdinetan alternatibak lantzen ditugula argi uzteko. Gainera, ez dugu horrelako kritikarik jaso, errespetuarekin hartu gaituzte eta inork ez du errefusatu gurekin biltzea.
Eskualdeko bozen kanpainaren erdi-erdian gara eta hauteskundeak beste borroka eremutzat dituzue. Zein da zuen jarrera?
Guk, argiki, EHBairen aldeko boza eskatzen diegu gazteei. Borroka instituzionala biziki garrantzitsua da, eta EHBai Ipar Euskal Herriko abertzaleak entzunak izateko oso tresna egokia da.
Martxoaren 6an, Gazte Eguna antolatu duzue Makean. Zer lortu nahi duzue ekimen horrekin?
Biraren etapa bat da, baina ez ekimenaren amaiera, dinamika honi jarraipena ematea eta harreman sarea sakontzea baita gure asmoa. Larunbateko Gazte Eguna, arlo ezberdinetan borrokatzen diren gazteen bilgunea izatea nahiko genuke. Estatu frantsesari erantzuna emateko eguna. Argi eta garbi agertu nahi dugu, Ipar Euskal Herrian gazte andana dagoela arlo ezberdinetan borrokan eta lanean alternatibak eraikitzen: eskola mailan, hezkuntza eredu uniforme eta kapitalistaren aurka; laborantzan, nekazaritza industrializatuaren ordez, sistema iraunkorrean instalatu nahi duten laborariak; etxebizitza eskubidearen eta herrian bizitzeko aukeraren alde lurraren espekulazioari aurka egiten diotenak; eta beste alor anitzetan. Oztopo asko bada, errepresioa basa da eta asimilazioa ere handia da, baina ohartzen gara gazterian gaitasuna badagoela, bai pentsatzeko, bai zer dagoen ongi eta zer ez hautatzeko. Nahiz eta gauza guztietan erabat ados ez gauden, egun hori borroka horien guztien isla izatea nahiko genuke.
Zein da egitaraua?
Goizean, mintzaldiak eta debatea izango dira. Bertan, Ipar Euskal Herriko gazteriaren egoeraren diagnostikoa aurkeztuko da, eta geroari begira, eraikitze lanean zein urrats egin pentsatu eta eztabaidatzeko parada izango da. Oso garrantzitsutzat jotzen dugu parte hartzea eta dei berezia egiten diegu gazteei bertaratzeko. Gero bazkaria izango da; ondoren, Makeako karriketan desfile-animatua egingo dugu eta arratsean, ekitaldi politikoa. Islaia, La Rumeur, Gatibu eta Ekintza taldeen kontzertuekin emango diogu amaiera egunari.
«Iazko ekainean izandako sarekadan atxilotu eta espetxeratutako lau gazteen aferaren ostean, kontzientzia-hartze bat izan dela ohartu gara»
«Oztopo asko bada, errepresioa basa da eta asimilazio politikak eragin handia du, baina gazteriak erantzuteko gaitasuna ere badu»