GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gamesak bere erantzukizunei aurre egin behar die

Altsasuko Gamesako langileen batzordeak ostiralerako greba deitu izana lantegi horretako beharginen dramaren eta, halaber, haien jarrera duinaren erakusgarri da. Enpresak, jakina, bere bertsioa eskaini du, baina ez da ahaztu behar haren helburua ez dela enplegua sortzea edo langilerik ez kaleratzea, maiz entzuten den bezala, etekinik handiena ateratzea baizik. Eta kasu honetan, Gamesak ezin du argudiatu Altsasuko lantegia ez dela bideragarria. Izan ere, langileek ere badute beren bertsioa eta datu ukaezinak, enpresaren iazko etekinak eta 2010aren hasierako produkzioa, hain zuzen, itxiera inola ere justifikatzen ez dutenak. Bestalde, enpresak Madrilen aurkeztu du bere erregulazio espedientea, Estatuko gainerako lantegietarako aurkeztu duenarekin batera, Nafarroako Gobernua alde batera utzita. Honek enpresarekiko elkarrizketari ekin dio; baina langileek negoziazio batzorde bakar bat, alde guztiak bilduko dituena eskatzen dute, eta Nafarroako Gobernuari, arrazoi osoz, bere eskuduntzak balia ditzala, alegia, bera ardura dadila nafar lurraldeari eragiten dion erregulazio espedientea bideratzeaz, inbertsio eta enplegu gaiei dagozkien laguntza publikoen ondorioz enpresak dituen konpromisoak betearazteko. Zoritxarrez, ordea, ohikoegia da erantzukizuna beti langileei eskatzea, enpresaburuek eta gobernuek aurre egin beharreko erantzukizunik ez balute bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo