Ze Esatek! taldeak plazatik diskora darama festa, Baga Bigarekin debuta emanda
GARA | BILBO
Trikizio eta beste mila taldetan ibiliak diren musikariz osatua, 2008an sortu zen Ze Esatek! -lehen zuzenekoa Iruñean eman zuten, 2009ko urtarrilean-, eta harrezkero 50 oholtza zapaldu ditu. Eta «Hitzetik hortzera» ETBko saiorako ere kantu bat sortua du, besteak beste.
Festarako sortu taldeak baina, beste pauso bat eman du oraingoan, eta Baga Biga zigiluarekin debut lana plazaratu, homonimoa. 2009ko abendua eta 2010eko urtarrila bitartean Paxkal Etxepareren estudioan grabatua, Hazparnen, hotzetik epelera egin eta zuzenekoetan jorratu jarduna plazara aurkeztu dute.
Hamar laguneko taldeak -gipuzkoarrak dira gehienak, baina ez denak- bi abeslari ditu eta parrandarako doinuak lantzen ditu. Tartean, bada punk ukituko ska, baita folk, runba edo zingaro-kutsuko erritmoren bat edo beste ere. Xabier Arakamaren hitzetan, azken batean, «festarako taldea da Ze Esatek!, eta kantu zuzen eta errazak jorratzen ditu», jendearengana erraz heltzeko modukoak. Gainera, taldea musikari hamarkoteak osatzen duenez, kanpoko laguntzarik gabe osatu dute.
Hitzetan eguneroko gaiak jorratzen ditu taldeak -bi partaidek idatzi eta talde osoak sinatuak-, «maitasun-gorroto kontuak, gizarte gaiak, krisi eta arazo ekonomikoak..., guztiak euskaraz», dio Ze Esatek! eta Trikizio paraleloan jorratzeko asmoa duen trikitilariak.
Zuzenera
Zuzenekoei begira, taldeak bi kontzertu ditu asteburu honetan, Zaldibian bihar eta Zaldibarren etzi. Gero, Ondarroan izango dira martxoaren 13an, Vendettarekin batera, eta Deustun martxoaren 19an, San Jose jaietan, batzuk aipatzearren.