Lander Garro idazlea
Loturak
Ekonomia eta politika, uztarri berberak lotuta ageri dira usu. Ikusi nola: (Geure herrietako) zoruak salneurri bat dauka, esan diezaiogun ‘x’. Botere ekonomikoa fenomeno batez jabetu da: herritarrak prest daude etxebizitza premiazko zeraz haratago, negozio gisa ikusteko. Etxebizitzan inbertitzeko. Orduan ‘x’ delako salneurria igotzen dute. Udaletxeak eta, oro har, erakundeak, ‘x’ horren biderkatzeaz jabeturik, euren aurrekontuak biderketa horren arabera egiten hasten dira, ekonomiaren maila bat-batean eta modu bortitzean igoaraziz. Beraz: herritarrak hipoteka garestiak ordaintzen hasten direnean (negozio biribila dela pentsatuz), erakundeek eraikuntza enpresei zorua garesti saltzen diete, diru hori eraikuntza enpresek etxeak saltzean (ederki) berreskuratuko dutela jakitun, hau da, zorua herritarrek ordainduko dutela jakitun. Ekonomia hipoteken lepotik bizi da beraz, hau da, fikzio hutsa da, herritarren «bihar ordainduko dut» promesan oinarritutakoa. Hortik aurrera, dena gezurra da: gazteen enplegua eraikuntzan, politikarien bizitza maila, hirien ordena urbanistiko ustezkoa… Halako batean, ordea, bankuek dirua gordetzen dute, eta jendeari hipotekatzeko ahalmena ukatzen zaio. Pilota gelditu egiten da. Eta zer gertatzen da orduan? Ekonomia «erreal» baten falta agertzen dela (Estatu espainolean nabarmenki), eta, honekin batera, langabezia, bidaide zatar ospetsua. Zer esaten dute agintariek arazoa entzutetsu bihurtu orduko? Komando asko atxilotu dituztela, denak ekintza basatiak egiteko prest zeudenak, Chavezek (populista horrek) ETA laguntzen duela… Ez al da erraza?