Herri erabilerako larrea baso bihurtzeko asmoa salatu dute, bertan abereak askatuz
N.G. |
Errigoitiko baserritarrek protesta modura abereak askatu zituzten atzo herriko erabilera publikoko belardi batean, betidanik nekazaritza eta abeltzaintzarako erabilitako jabetza publikoko zortzi hektarea horietan pinuak landatu nahi dituelako Udalak.
Atzo baso proiektu horren aurreko alegazioak aurkezteko epea amaitzen zela-eta, abereen okupazio sinbolikoa egin, eta EHNE sindikatuak abeltzainekin bat, lur horiek «abeltzaintzarako mantentzeko» exijitu zuten.
Udalari asmoa bertan behera uzteko eskatzeaz gain, Bizkaiko Aldundiaren erantzukizuna ere nabarmendu zuten, egitasmoaren gainean egindako txosten teknikoak kontrakoak direla jakinda, baso-berritze horren kostua bere gain hartuko duelako Diputazioak, abeltzaintza babestu beharrean.
EHNEk nabarmendu zuenez, Ińaki Madariaga alkatearen erabakia «defendaezina da sozialki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik», eta abeltzaintza intentsiboa kinka larrian dagoen momentu honetan horrelako egitasmo bat defendatzeak adierazten duena salatu zuen, larre horiek erabiltzen dituzten baserritarren etorkizunean eragina duelako. Hori dela-eta, EHNEk adierazi zuen ez duela utziko «lur eremu horretan abeltzaintza erabilera galtzen».