GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Manu Odriozola «Euskal Herria Sozialista» aldizkariko kidea

Kapitalismoaren krisia eta langabeziaren aurkako borroka

Krisi ekonomikoaren ondorioak oso gogorrak izaten ari dira langileentzat eta beren familientzat. INEMen arabera, 2009ko urtarrilean Hego Euskal Herrian 10.000 lagun baino gehiago geratu dira lanik gabe. Hego Euskal Herrian guztira ia 180.000 lagun daude lanik gabe, biztanle aktiboen %13,2, eta horietatik 61.600 lagunek ez dute inolako ordainsaririk jasotzen. Beste 100.000 langile erregulazioan daude. Eta perspektiba beldurgarria da: 2012. urtera arte gutxienez langabeen kopuru horiek mantenduko omen dira. Horregatik, langabeziaren aurkako borrokak sindikatuen eta ezkerreko alderdien borroka garrantzitsuenetarikoa izan beharko luke. Kontua da langabeziaren aurkako borrokari modu eraginkorrean nolako neurriekin egin beharko geniokeen aurre.

Gure ustez, langabeziaren aurkako programak ideia nagusi batean oinarritu behar du: langabeziaren arazoa langileriari bere osotasunean eragiten dion arazoa da eta ez soilik zoritxarrez lanik gabe geratu direnei. Langabeziak, noski, berehala eragiten dio kaleratua denari edo lehenbiziko lanpostua aurkitzen ez duenari. Baina gero, langabeziak lana dutenen aurka egiten du, horien lan baldintzak okertzen baitira. Eta langabeziaren mehatxua langile guztien gainean dago. Horregatik, langabeen eta lana dutenen borroka elkartzeko beharra ez da modu abstraktu batean «elkartasuna» emateko, baizik eta langileen batasuna praktikan behar-beharrezkoa da langileriak bere osotasunean krisiaren ondorioei modu eraginkorrenean aurre egiteko.

Langabeziaren aurkako borroka kontsekuenteak langile bakar bat ere eskean ibiltzetik, karitatetik edo gizarte-laguntzatik bizitzera behartuta ez egotea izan beharko luke helburu. Langabeak ez dira inondik inora enpresariek hartu dituzten erabakien errudunak, ezta kapitalismoaren funtzionamendu orokorrarenak ere. Horregatik, langabezia-subsidioa kobratzeko legeak ezarritako epea bukatzen denean, lanpostu bat edo lanbide arteko gutxieneko soldata mugagabe bat izateko eskubidea aldarrikatu behar da. Espainiar Estatuan, adibidez, langabe guztientzat urtebetez lanbide arteko gutxieneko soldata bat bermatzea posible izango litzateke Santander bankuak 2008an izan dituen irabaziak baino gutxiagorekin.

Eta zer egin enpresariek erregulazio espedienteak aurkezten dituzten lantokietan? Egia da krisia lantokietan eragiten ari dela. Baina, langileok kontabilitatea ikusiz, enpresaburuek zein erabaki hartu dituzten eta azken urteetako etekinak nora joan diren jakin ondoren, lantokietako egoera zein den egiaztatu behar dugu. Nahiz eta lantokia krisian egon, horrek ez du esan nahi ondorioak langileek ordaindu behar dituztenik. Langabeziari kaleratzeen aurka eginez egingo diogu aurre. Gure ustez, dagoen lana langile guztien artean banatu beharko litzateke. Krisian dauden lantokiak mobilizazioetan elkartu behar dira gobernuei diru publikoa enplegua mantentzeko erabil dezaten eta lantokiak langileen kontrolpean nazionaliza daitezen eskatzeko.

Langabeziaren aurkako aldarrikapen garrantzitsu hauek lortzeko borroka da bide bakarra eta sindikatuetako zuzendaritzek langileak antolatu eta mobilizazioetan elkar daitezen ardura handia dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo