GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Musika industria eta krisia

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa

Iragan astean Euskal Herriko Musika Industriaren Plataforma (EHMIP) deiturikoa aurkeztu zen. Musikarekin erlazionatuta maila profesionalean aritzen diren enpresek sortu dute. Irakurritakoaz ulertu ahal izan dugunez helburuak hauek dira: sektoreak bizi duen egoera larriaren berri eman, instituzioekin bitartekaritza lortu, aurrekontuen murrizketa basatiak ekidin, sektorearentzako diru laguntzak lortu eta, azkenik, herritarren elkartasuna bilatu.

Plataformako bozeramaileetako bati (J.A. Serrano) irrati batean egindako elkarrizketa entzunda, plataforma orain sortzearen arrazoia soilik ekonomikoa dela iruditu zitzaidan. Krisiak diru laguntza publikoen murrizketa ekarri du eta horrek enpresa askoren desagertzea eragin dezake. Elkarrizketa entzuten nuen bitartean ideiak eta galderak igarotzen zitzaizkidan abiadura osoan burutik: «krisi» egoeretan zergatik dira kulturari eskainitako diru partidak normalean murrizketa handiena izaten dutenak? Kultura denbora librean kontsumitzen dugun zerbait da? Ekonomikoki garai «onak» direnerako ospakizun modura gordetzen dugun goxokia ote? Horrenbestekoa ote da sektoreak diru laguntzekiko duen dependentzia? Zergatik du horrenbesteko dependentzia? Normala da dependentzia hori? Normala izan beharko luke? Zergatik sortzen da orain plataforma? Lehenago ez zegoen sortzeko beharra? Urteetan sektorean lanean aritu diren langileek zer-nolako baldintzetan lan egin behar izan dute? Hainbat euskal taldek zentsura eta boikota jasan dute urteetan. Musikariei utzi nahi zitzaien protagonismoa, orain arte? Sektorea itzaltzen da eta musika isiltzen da? Maila profesionalean aritzen direnez gain, zer? Jendeari kontzertuetara joan dadila eskatu behar diogu? Sektorearekiko elkartasuna eskatu behar zaio? Musika kontzertuak doakoak izan behar dira? Zer-nolako baldintzak nahi ditugu sektoreko langileentzat? Berdin dira enpresaburuak eta langile soilak? Zer-nolako musika ekimenak bustitzen dira diruz instituzioetatik? Boikota eta zentsura dago instituzioen aldetik? Zein talde laguntzen dira eta zeintzuk ez? Diru laguntzek musikari profesionalen jarduera baldintzatzen dute? Sektoreak bere burua diru laguntzen arabera baldintzatzen du? Zein neurritan? Amaitu zaigu tartea eta galdera gehiago baziren, nonbait.

Musika industriaren sektorea elkartzea aurrerapausoa da. Profesional izan gabe musikan lanean ari diren langileak elkartzea ere ondo legoke eta, guztion artean, hausnarketa egin eta ekimenak proposatu, aurrerantzean sektoreak instituzioekiko duen dependentzia hautsi eta herritarren elkartasuna behar ez izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo