GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Oraingoz Iraken argi dagoena hauteskundeak normaltasunez egiteko ezintasuna da

Datorren igandean irakiarrak hautestontzietara deituta daude. Lehen ministro Nuri al-Malikik berriro hautatua izatea du helburu; AEBetako presidente Barack Obamak, berriz, bere tropak Iraketik ateratzeko plana betetzea. Hala ere, ikusteko dago plan hori agindu bezala burutzeko baldintzak dauden. Izan ere, Iraken indarkeria nagusi dela, irakiarren arteko zatiketa eta etsaitasuna nabarmenak direla, oraingoz argi asko ikusten den agertoki bakarra hauteskundeak normaltasunez egiteko ezintasuna da. Ez zegoen horren gaineko zalantzarik, baina atzo, argiago geratu zen, posible bada. Soldaduek, poliziek, presoek eta ospitalean diren irakiarrek atzo zuten boza emateko eguna, eta Bagdadeko hauteslekuetan izandako erasoen ondorioz, gutxienez 12 lagun hil ziren. Herenegun, berriz, beste 33 lagun hil ziren Bakuban. Baldintza horietan egingo dira Irakeko hauteskundeak. Ikusteko dago, beraz, oraingo egoera ikusita, zer bilakaera izango lukeen egoera horrek Obamaren asmoa burututa. Eta, bestetik, ez litzateke ahaztu behar egoera hori AEBen inbasioaren ondorio dela eta, hortaz, herrialde haren erantzukizun penagarria ezkutaezina da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo