GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Euskara al da putre egiten gaituena?

Ezkontzen inguruan gehigarri bereziak zabaltzea bada euskararen alde lan egitea, euskal sortzaileek badakite zer egin, UPN edo PSErekin ezkondu

Euskal herrian euskaraz/ nahi dugu hitz eta jolas... Hitz asko egiten da, bai, euskararen alde. Eta jolas. Euskararen aldeko lanarentzat soldata asko eta asko daude, euskaraz lan egitea ia ezinezko bihurtzen ari denean, paradoxikoki. Berriki euskal sortzaileen industria kexu azaldu zaigu hedabideetan, aspalditxo euskararen aldeko hedabideetako agintariek egiten duten modu bertsuan. Arrazoia ere bertsua, diru eskasia; baina funtsa, mamia, erabat ezberdina.

Batzuek -azken hauek, jakina- alderdi politikoek kudeatzen dituzten diru laguntzak izan dituzte orain arte bizi(o) iturri. Nafarroan bukatzen hasi ziren, EAEn bukatzen ari dira. Orain negarrak, elkartasun eskeak... Ze lotsa gutti -erranen luke hemengo edozeinek-. Euskaraz egiten diren aitzakiatan hamaika kaka-zahar hizkuntzaren lagungarri gisa saldu izan digute gaur arte. Bo, saldu ez, dohainik harrarazi, bestela inork ez genituzke ikusi ere egingo eta. Ezagutzen dudan hurbileneko adibidea hartuko dut are zaku gisa, barrua hustu dezadan gehienbat, jakin ederki baitakit gauzek ez dutela sentimendurik eta ez dutela entzuten, euskaldun askok bezalaxe. Ttipi-Ttapa. Ttipi-Ttapa telebista publizitatea eta gutti gehiago emititzen zuen kate bat izateaz gain, zonaldeko gazteak esplotatzen zituen enpresa bat izan zen. Orain ez dago, jauntxoei eskerrak. Jauntxoek diru laguntzak eman zituzten Iruñetik eta beste jauntxo batek jaso zituen Bortzirietan. Suposatzen dut emisio orduen arabera jasoko zirela sos haiek, bestela ulertezina da grabazio berbera behin eta berriz botatzea, behin eta berriz, behin eta berriz, nazkatzeraino. Orain ez dago, erran dizuet goitixeago, jauntxoei eskerrak. Batzuek diru laguntzak kendu dituzte eta beste jauntxoak ez du urte hauetan ezer egin telebista katea bere txiringitoa finantzatzeko tresna bat baino zerbait gehiago izan zedin. Soldata ederra jaso eta gazteak edozein ordutan eta edozein modutan lau pezeta zikinen truke lanean jarri bertzerik ez. Euskararen alde, hori bai, noski. Orain ez dago. Zer nahi genuen bada? Orain aldizkaria dago, beste hainbat eta hainbat eskualdetan daudenen formatu berekoa, itxurari dagokionez bederen. Herri guztietan dago musu-truk albisteak bildu, idatzi, eta «Ttipi-Ttapa»-ra bidaltzen duenik. Lan txalogarria, benetan. Baina jakitun ote dira boluntario horiek guztiak zein neurriraino ari diren erabiliak izaten? Ez dut uste. Albiste horiek publizitatearen apaingarri bertzerik ez ote diren pentsatu al dute inoiz? Ez dut uste.

Nola etxean, auzoan berdintsu. Hori ez da euskararen alde egitea, hori norberaren alde egitea da. Politikariek kudeatzen duten dirua guztiona bada, nola erabiliko dugu zuen soldatak ordaintzeko? Ezkontzen inguruan gehigarri bereziak zabaltzea bada euskararen alde lan egitea, euskal sortzaileek badakite zer egin, UPN edo PSErekin ezkondu. Orduantxe izango dute -Kepa Junkerak bezala- kontu korrontea epel-epel. Laguntzak kentzen dizkieten arte. Ze pena.

Erruduna zein da, galdetzen dut nik: orain dirua ukatzen duena edo/eta bere garaian euskara bultzatzeko modu egokiena ipurdiak miazkatzea zela erabaki zuena? Nik badut nire erantzuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo