GARA > Idatzia > Mundua

Herbehereetako eskuin muturrak hortzak erakutsi ditu udal hauteskundeetan

Legegintzarako bozetarako hiru hilabete eskas falta direnean, eskuin muturreko PVV alderdi alderdiak, Geert Wilders diputatua buru, nabarmen egin du gora Herbehereetan, asteazkenean egindako udal-hauteskundeetako aurreneko datuek aditzera eman dutenez.

p018_f01_148x116.jpg

GARA

Askatasunaren Aldeko Alderdia (PVV), 2006an sortua eta «Herbehereen islamizazioaren aurkako borrokan» diharduena, atera zen garaile -bozen %21,6rekin- 187.000 biztanle dituen Almere hirian, eta bigarren tokia lortu zuen Hagan. Bi hiriotan baino ez zituen hautagaiak aurkeztu asteazkenean egin ziren udaletarako bozetan.

Bozen %93 zenbatuta dagoela, Jan Balkanende lehen ministroaren gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdi nagusiek, ordea, behera egin dute, lehen datuek islatzen dutenez (behin-betiko datuak datorren astean ezagutaraziko ditu Gobernuak). Nazio mailan, Wouter Bos Finantza ministro ohiaren alderdi laboristak (PvdA) botoen %16 inguru bildu ditu, eta 2006an izan ziren udal hauteskundeetako emaitzen aldean (%23,45) 6 puntu inguruko jaitsiera izan du.

Jan Balkanende lehen ministroaren alderdi demokristauak (CDA), koalizio ohiko alderdi nagusiak, bozen %16,83 lortu zuen 2006an eta, gutxi gorabehera, 2 puntu jaitsi ditu. «Nahiago genuke emaitzak hobeak izatea», azaldu zuen Balkanendek, eta gobernua disolbatu izanak «zerikusi handia» izan duela onartu zuen.

Aipatu datuen arabera, PVVk berdindu edo gainditu egingo luke urtarrilaren 20an dimititu zuen -Afganistango gerran parte hartzearen inguruko eztabaidak zirela-eta- zentro-ezkerreko gobernu-koalizioko lider zen CDAren marka.

Ekainaren 9a balitz

Synovate institutuak telebista publikoarentzat eta Herbeheretako ANP agentziarentzat hauteslekuetan bertan egin zuen inkestaren arabera, asteazkenekoak legegintzarako bozak balira, PVV hirugarren indar izatera helduko litzateke, eta egun dituen 9 eserlekuen ordez, 24 bilduko lituzke.

Balkenenderen CDAk lider jarraituko luke 29 jarlekurekin, 12 galduta. Laboristek 27 eserleku izango lituzkete, egun dauzkaten 33en aldean.

Euforia eta atsekabea

«Hagan eta Almeren posible izan dena herrialde osoan gerta liteke. Gure garaipenerako tranpolina da», azaldu zuen baikor Geert Wildersek lehen emaitzak ezagutu eta gutxira.

Politikari ultraeskuindarraren pozaren aldean, Almeren bizi diren musulmanek penaz hartu zituzten udal hauteskundeotako emaitza «tristeak».

Buyatui Sakina Almereko 20 urteko ikaslearen ustez, emaitzak «txarrak» dira, komunitateen arteko «ezinikusia areagotuko dutelako».

PARTE HARTZEA

Ohikoa den bezala, hauteskundeetako parte hartze maila oso eskasa izan zen, eta emaitza partzialen arabera, 12 milioi hautesleetatik %53,3 baino ez ziren bozkatzera joan.

POZARREN

Lehen emaitzak ezagutu eta gero, pozarren eta ekainaren 9ko hauteskundeei begira itxaropentsu agertu zen Wilders: «Hagan eta Almeren posible izan dena herrialde osoan gerta liteke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo